Bilatu
A B C D E F G H I J K L M N Ñ O P Q R S T U V W X Y Z
Aldaketa edo definizio berria iradoki nahi baduzu, komunika iezaiozu, mesedez, zerrenda administratzeko ardura duenari.

salaketa / salatzea

Egintza horren bitartez, agintaritza eskudunari komunikatzen zaio delitua edo arau-haustea gertatu dela.

salerosketa

Kontratu horren bitartez, kontratugileetatik batek bere gain hartzen du gauza edo eskubidearen jabetza eskualdatzeko betebeharra, eta besteak, hitzartutako prezioa ordaintzeko betebeharra. Ondasun higiezinak, higigarriak nahiz eskubideak sal eta eros daitezke.

segregatzea / segregazioa

(Jabetza Erregistroan inskribatuta nahiz inskribatu gabe dagoen) ondasun higiezinaren zati bat bereiztea, berri eta desberdina eratzeko helburuarekin.
Lizentzia edo baimen administratiboak behar izaten dira ondasun higiezinak segregatzeko.
Adibidea. 10 hektareako landa-finkatik hektarea bat segregatzen da. 1000 metro koadroko orubetik 100 metro koadroko portzio berria segregatzen da. Merkataritzako lokal handi batetik zati bat segregatzen da, adibidez, hori bananduta saltzeko.

segurtasun(-)zigilua

Marka itsasgarri hori, erreferentzia alfanumerikoa duena, kopia eskuetsiei eransten zaie, horiek faltsutzea zailagoa izan dadin.

seme(-)alabatasuna

Seme-alaben eta gurasoen arteko lotura.
Seme-alabek gurasoengan jatorria izatea.

seme(-)alabatasuna aitortzea

Legez ezarritako formalitateekin, gurasotasuna (amatasuna nahiz aitatasuna) baieztatzea.
Forma horietatik bat izan daiteke aitorpen- eskritura publikoa  egitea; beste bat, testamentuan  bertan testamentugileak aitortzea norbait bere semea edo alaba dela (aitorpen hori testamentuan jaso arren, ezeztaezina da).

senide tronkeroak

Bizkaiko Foruarekin bat etorriz, eta tronkalitatearen ondorioz, onibarren titularrak horiek xedatu ahal izateko, senide jakin batzuen eskubideak errespetatu behar ditu; horregatik senide horiei senide tronkero deritze. Xedea da ondarearen familia-izaera babestea, eta, horretarako, senidetasun tronkala zehaztu behar da beti, Lur lauan kokaturiko onibarrari begira. Hori abiapuntua izanik, senide tronkeroak hauexek dira:
- Ondorengoenganako lerroan, seme-alabak eta gainerako ondorengoak, baita adopzio bidezkoak ere. Lerro horretan, senidetasun tronkala gradu-mugarik gabe luzatzen da.
- Aurrekoenganako lerroan, onibarra zein lerrotatik etorri eta lerro horretako aurrekoak. Lerro horretan, senidetasun tronkala bukatzen da, onibarra lehendabizikoz eduki zuen aurreko horrekin.
- Bizirik dagoen aita edo ama, ezkontza bitartean erosi edo irabazitako ondasunei dagokienez, baldin eta seme-alaba erkideek ondasun horiek eskuratu badituzte, herentzia bidez, aurrez hildako ezkontidearengandik.
- Albokoenganako lerroan, onibar tronkala zein lerrotatik etorri (aitaren lerrotik edo amaren lerrotik) eta lerro horretan senide direnak. Lerro horretan, senidetasun tronkala odolkidetasuneko laugarren gradu zibilean bukatzen da, hori barne.

seniparte kolektiboa

Seniparte hori eratxikitzen zaio herentziara deitutako senide-talde zehatzari, ez, ordea, taldekide bakoitzari banan-banan. Aitzitik, testamentugileak aukeran du: taldekide bat oinordeko izendatzea, beste guztiak baztertuz; batzuk oinordeko izendatzea, berak nahi duen proportzioan, eta beste guztiak baztertuz; edo guztiak oinordeko izendatzea, berak egokien ikusten duen proportzioan. Are gehiago, herentziara deituriko senide-taldearen barruan, testamentugileak ez du errespetatu behar gradu-hurbiltasunaren irizpidea; haatik, urrunekoa izenda dezake oinordeko, hurbilekoak bizirik egon arren. Bizkaiko Foruan araututako senipartea halakoa da.
Bizkaiko Foruan, nahitaezko jaraunsleak dira ondorengoak, eta, ondorengorik izan ezean, aurrekoak. Gainera, Bizkaiko seniparte kolektiboaren zenbatekoa aldatu egiten da, herentziara deituriko senide-taldea zein den kontuan hartuta. Ondorengoen taldeari deitzen bazaio herentziara, senipartea lau bostenekoa da, eta beste bostena xedapen askekoa da. Aurrekoen taldeari deitzen bazaio herentziara, senipartea herentziaren erdia da, eta beste erdia xedapen askekoa da. Bistan denez, senipartea testamentua egiteko askatasunari jarritako muga bat da. Edozein modutan ere, seniparteaz gain, Bizkaian kontuan hartu behar da tronkalitatearen aplikazioa, eta horrek oraindik gehiago murrizten du ondasunak xedatzeko askatasuna.

senipartea

Testamentugileak  ezin du jarauntsiaren zati hori askatasunez xedatu, lege-aginduz jaraunsle jakin batzuei dagokielako.
Senipartedunak nortzuk diren eta jarauntsian zein eskubide duten jakiteko, desberditasun handiak daude "zuzenbide erkide" deitutako horren (Gaztelako zuzenbide zahar horren) eta
foru-zuzenbide zibilen artean.
Zuzenbide erkideari dagokionez, senipartedunak dira, lehenengo eta behin, ondorengoak, gradu-mugarik gabe; eta, ezkontidea baldin badago, horrek seniparte-eskubidea du beti, jarauntsiaren zati baten (heren baten) gaineko gozamena duelako. Ondorengorik izan ezean, aurrekoak dira senipartedunak, eta, aurrekoen artean, hurbilekoak hobesten dira urrunekoen kalterako, hau da, gurasoak hobesten dira aitona-amonen kalterako. Kasu horretan ere, hildakoa ezkonduta bazegoen, alargunak seniparte-eskubidea du, betiere gozamenaren bitartez.
Ondorengorik eta aurrekorik izan ezean, eta ezkontidearen eskubideak alde batera utzita, hala denean, testamentugileak bere jarauntsia utz diezaioke berak nahi duenari. Egin-eginean ere, neba-arrebak eta gainerako albokoak ez dira sekula ere senipartedunak; jarauntsiaren gaineko eskubidea izango dute, hildakoak ez badu testamenturik egin, eta ez badago ondorengorik, aurrekorik ez ezkontiderik.
Ondorengoen senipartea jarauntsiaren 2/3ekoa da. Horietatik bat (1/3) seniparte hertsia da, eta nahitaez banatu behar da seme-alaben artean, zati berdinetan. Beste bat (1/3) hobekuntza da, eta testamentugileak, hala nahi badu behintzat, hori bana dezake, nahi duen moduan, bere ondorengoen artean; hau da, hobekuntzako heren osoa eman diezaioke bilobari edo zati bat semeari nahiz alabari, beste zati bat bilobari, beste bat birbilobari etab.
Aurrekoen senipartea jaruntsiaren erdia da, salbu eta hildakoa ezkonduta zegoenean; kasu horretan, aurrekoen senipartea heren batekoa besterik ez da.
Bizkaiko foru-zuzenbide zibilari dagokionez, nahitaezko oinordekoak dira, lehenengo eta behin, seme-alabak eta gainerako ondorengoak, eta, horien ezean, gurasoak eta gainerako aurrekoak. Edozein kasutan ere, senipartea kolektiboa da, eta, horren ondorioz, testamentugileak askatasunez xedatu ahal ditu ondasunak lerro bakoitzeko oinordeko-taldearen barruan; are gehiago, talde horretan oinordeko bat bakarrik aukeratu ahal du, gainerakoak baztertuz. Ondorengoenganako lerroan, senipartea osatzen dute testamentugilearen ondasun guztietatik lau bostenek, gainerako bostena askatasunez xedatu ahal dela. Aurrekoenganako lerroan, senipartea osatzen dute testamentugilearen ondasun guztietatik erdiek, gainerako erdiak askatasunez xedatu ahal direla. Horri guztiari gehitu behar zaio alargunak, lege-aginduz, gozamen-eskubidea izatea, kausatzailearen ondasun guztietatik erdien gainean, ondorengo edo aurrekoekin batera oinordeko izanez gero; eta, horien ezean, ondasun guztietatik bi herenen gainean. Bizkaiko foru-zuzenbide zibilean, kontuan hartu behar da, halaber, seniparteekin batera, tronkalitateak ere mugatu egiten duela ondasunen mortis causa eskualdaketa.
Aiarako Foruaren kasuan, nahitaezko oinordekoak dira ondorengoak, aurrekoak eta alarguna, Kode Zibilak ezarritako kasuetan. Nolanahi den ere, Aiarako Foruaren arabera, erabatekoa da ondasunak mortis causa xedatzeko askatasuna, eta, ondorenez, nahitaezko oinordeko guztiak baztertu ahal dira, "handiaz nahiz txikiaz, on ala hobe irizteagatik".

seniparteduna

Pertsona horrek, jarauntsiaren kausatzailearekin senidetasun-gradu zehatza duenez gero, senipartea  erreklamatzeko eskubidea du.

sinadura aurrekoa

Testu hori sinaduraren aurretik jartzen da, agiria nork sinatu eta horrek bere kargua, duintasuna edo ordezkaritza agerrarazteko.
Notario-agirietan ez da behar sinadura aurrekorik, eskritura eta akten zati egokian dagoeneko agerrarazi delako nor den sinatzailea eta sinatzaile horrek bere izenean edo inoren izenean sinatu duen. Agiri pribatuetan, ordea, maiz-sarri agertzen da sinadura aurrekoa.

sinadura legezkotzea

Egintza horretan, notarioak aitortzen du sinadura kautoa eta egiazkoa dela, nahiz berak ezagutzen duelako, nahiz bere aurrean sinatu delako, nahiz bere protokoloan  zalantzarik gabe jaso denarekin erkatu duelako (baldin eta sinatzaileak aurretiaz agiriren bat sinatu badu eta agiri hori protokoloan gordeta badago).

sinatzailea

Agiria, erabakia izenpetzen duen pertsona.

sinesgarria

Fede ematen duena. Egiazkoa, fidagarria.
Fede-emaileak  eskuetsitako agiriaren ondorioa.

sistema juridikoa

Estatua gobernatzen duten arauen  sistema; arau horiek euren artean konektatuta daude modu logikoan, eta, ondorenez, arau orokorrek arau bereziak eratortzen dituzte.

sozietate anonimoa

Merkataritzako sozietate  horretan, kapitala akzioetan zatituta dago; gutxieneko kapitala antzinako 10.000.000 pezetakoa da. Enpresa handi gehienak sozietate anonimoak dira, batez ere, bankuak. Gainera, burtsan kotizatu ahal dute.
Sozietate anonimoak eratzeko, nahitaezkoa da notario-eskritura eskuestea eta eskritura hori Merkataritza Erregistroan  inskribatzea.

sozietate mugatua

Merkataritzako sozietate  hori bazkide gutxi batzuek eratzen dute. Sozietate horren kapitala sozietate-partaidetzetan banatuta dago (ez, ordea, akzioetan). Eta, gainera, bazkideen erantzukizuna mugatua da, ekarritako kapital horretan agortzen delako. Sozietate mugatuen gutxieneko kapitala antzinako 500.000 pezetakoa da. Sozietate mugatua da, izatez, praktikan gehien erabiltzen den sozietate-mota. Sozietate mugatu gehienak bazkide gutxi dituzte (1, 2 edo 3 bazkide) eta familia-negozioak izaten dira. Zernahi gisaz, edozein negozio antola daiteke sozietate mugatuaren eredua baliatuta.
Sozietate mugatuak eratzeko, nahitaezkoa da notario-eskritura eskuestea eta eskritura hori Merkataritza Erregistroan  inskribatzea.
“Enpresa berria” izeneko sozietatea sozietate mugatuen forma berezia da.

sozietate zibila

Arauekin  bat etorriz eratutako sozietatea, merkataritzako helbururik ez duena.

sozietatea

Pertsona fisiko  nahiz juridikoen  elkartea edo taldea, horren helburua denean jarduera ekonomiko edo merkataritza-jarduera zehatz bat burutzea.

sozietatea transformatzea / sozietatearen transformazioa

Sozietatearen egitura aldaraztea, eta, aldarazpen horren ondorioz, sozietate-mota aldatzea, beste bat ezarriz, betiere hasierako nortasun juridikoari eutsiz.
Adibidea. Sozietate anonimoa sozietate mugatu bihurtzea, transformazioaren ondorioz.

sozietatearen izena

Erakundearen edo sozietatearen izen ofiziala, Merkataritza Erregistroan  agertzen dena, edo, beste erregistro batean, bestelako sozietateen kasuan, esaterako, kooperatiben kasuan.

sozietatearen kapitala

Enpresa sortzen denean edo kapital-gehikuntza egiten denean, bazkideek ekarritako diru eta ondasun materialen multzoa.
Merkataritzako sozietatea (besteak beste, sozietate anonimoa edo mugatua) eratzen denean, hots, notarioaren aurrean eratze-eskritura publikoa egilesten denean, bazkideek ondasunak ekarri behar dituzte, eta ondasun horiek sozietatearen titulartasunpean geratzen dira. Ekarritakoa,sarri, dirua izaten da, baina ondasun higigarriak, higiezinak eta eskubideak ere ekartzeko modukoak dira.
Sozietatearen kapitala akzioetan zatitzen da, sozietate anonimoen kasuan, eta sozietate-
-partaidetzetan, sozietate mugatuen kasuan; bai akzioak, bai sozietate-partaidetzak, bazkideei ematen zaizkie, bazkide bakoitzak zenbat kapital ekarri duen kontuan hartuta.
Nolanahi den ere, ez dira nahasi behar sozietatearen kapitala eta sozietatearen ondarea: gerta daiteke bi horiek bat etortzea, sozietatea eratzen den unean; baina, gero, sozietatearen ondareak gora edo behera egingo du, eta ez du zertan izan kapitalaren bestekoa beti.
Adibidea. Hiru bazkidek sozietate mugatua eratzen dute, 6000 €-ko sozietate-kapitalarekin; kapital hori 600 partaidetzetan zatitzen da, eta partaidetza bakoitzaren balio izendatua 10 €-koa da. Bazkide batek 500 € jartzen ditu, eta, horren truk, 50 partaidetza ematen zaizkio. Bigarrenak ibilgailua ekartzen du; ibilgailu horren balioa 2500 €-koa denez gero, 250 partaidetza eskuratzen ditu. Eta hirugarrenak, berriz, garaje-plaza ematen du; garaje-plaza horren balioa 3000 €-koa denez gero, 300 partaidetza jasotzen ditu.
Hasieran, sozietate mugatu horrek 6000 €-ko kapitala du, eta ondareak ere 6000 €-ko balioa du. Zernahi gisaz, merkataritzako jarduera abian jarri ondoren, sozietate horrek irabaziak izan ditzake, ondarea gehituz, edo, kontrara, dena gal dezake, 0 €-ko ondarearekin geratuz. Kasu batean nahiz bestean, kapitala ez da aldarazi, ezta partaidetza-kopurua eta horien balio izendatua ere.

sozietateek bat egitea / sozietateen arteko bat(-)egitea

Sozietate bat edo gehiago batzea, bat bakarra eratzeko asmoarekin; sozietate berri horrek nortasun juridiko bakarra izango du.
Bat-egiteak berarekin ekar dezake, bi sozietate edo gehiago batzen direnez gero, sozietate horiek desagertzea eta berria sortzea; edo, alderantziz, horietatik batek gainerakoak irenstea (bat-egitea, irenstearen ondorioz).

subrogatzea / subrogazioa

Eskubideak egikaritzeko orduan edo betebeharrak betetzeko orduan, norbait beste baten ordez jartzea.
Adibidea. Salerosketarekin batera, hipoteka-subrogazioa gertatzea. Ondasun higiezinak dagoeneko hipoteka duenean, hipoteka hori ordaintzeko badago eta ondasuna saltzen bada, eroslea hipoteka horretan subrogatzen da, hau da, ordaintzeko dagoen zorra bereganatzen du bankuari begira, eta aurreko zorduna (hots, saltzailea) zorretik askatuta geratzen da; izan ere, saltzaileak jasotzen du itundutako prezioa, betiere ordaintzeko dagoen hipoteka-zatia kenduta. Bankuari begira, zorduna aldatu egiten da, baina maileguaren baldintzak berberak dira.

subsidiarioa

Akzioa edo erantzukizuna halakoa da, nagusiaren ordez jar daitekeenean.

suntsikorra

Erabileraren erabileraz kontsumitzen dena.
Halakoak dira ondasun higigarriak,  baldin eta, euren izaeraren arabera behar bezala erabiliz gero, kontsumitu egiten badira.
Adibideak. Baloreak, likidoak, elikagaiak.

Konekta zaitez