Bilatu
A B C D E F G H I J K L M N Ñ O P Q R S T U V W X Y Z
Aldaketa edo definizio berria iradoki nahi baduzu, komunika iezaiozu, mesedez, zerrenda administratzeko ardura duenari.

lagapena / lagatzea

Egintza juridiko hori nahita eta askatasunez hartutako erabakiaren ondorioz gauzatzen da, eta, horren bitartez, ondasunak, eskubideak edo betebeharrak eskualdatzen dira titular batengandik beste batengana.
Lagapena egiten duenari lagatzaile deritzo, eta berori jasotzen duenari lagapen-hartzaile.
Adibidea. Hartzekodunak beste norbaiti laga diezaioke bere kreditua, bigarren horrek halakoa kobra dezan. Lagatze horren zergatia era askotakoa izan daiteke, esaterako, hartzekoduna, aldi berean, lagapen-hartzailearen zorduna izatea.
Dohaintza, ulerbidez, ondasunaren edo eskubidearen doako lagapena da.

laudemioa

Horixe da finkaren eskuratzaileak horren jabeari ordaindu behar dion diru-kopurua, finkaren gainean enfiteusi-zentsua  eratuta dagoenean.
Zentsuak, orokorrean, ez dira erabiltzen gaur egun.

laudoa

Tartekariek emandako erabakia edo epaitza.  Tartekariak emandako laudoaren aurka ezin da gora jo.

leasinga

Finantza-errentamendua.
Kontratu horretan, errentamendua  eta erosteko aukera konbinatzen dira. Ondasun jakin baten errentamendu-epea amaitutakoan, errentariak hiru aukera ditu: lehenengoa, ondasunaren jabetza eskuratzea, horren hondakin-balioa prezio moduan ordainduta; bigarrena, kontratua luzatzea; eta, hirugarrena, beste ondasun bat eskuratzea.
Leasing-eragiketak sarri erabiltzen dira, besteak beste, ibilgailuak, makineria, ordenagailuak eta abarrekoak eskuratzeko; badira horretarako hainbat arrazoi, batik bat, abantaila fiskalei dagokiena.

legatu hutsa

Legatu  hori ez dago inolako baldintza edo eperen mende.

legatu kausala

Legatu  horretan, testamentugileak adierazten du zergatik egiten duen legatu hori.

legatua

Testamentuko xedapen  hori dela medio, ondare-eskubideak eskuratzen dira banakako tituluaren bitartez; jaraunslea  izendatzen denean, ordea, ondare-eskubideak eskuratzen dira titulu unibertsalaren bitartez.
Testamentuan, bi modu besterik ez daude ondasunak xedatzeko: bata, jaraunsle bat edo batzuk izendatzea, eta, bestea, legatuak ematea. Jaraunsleak, aldi berean, legatu-hartzaileak izan daitezke, baldin eta gauza zehatz bat ematen bazaie. Kasu horretan, jarauntsia eta legatua, biak, onartu ahal dituzte, edo horietatik edozeini uko egin diezaiokete, bestea onartuz, edo bi-biei uko egin diezaiekete.
Adibideak.
- Testamentuan, bi seme-alabak jaraunsle izendatzen dira, erdi bana, eta lagun bati etxebizitzaren gaineko legatua ematen zaio.
- Testamentuan, seme-alabetatik bat jaraunsle izendatzen da, eta Txiroen Arrebei diru-kopurua ematen zaie legatuan.
- Testamentuan, alabari legatuan ematen zaizkio amaren arreoa eta bitxiak, eta alaba hori eta beraren neba biak jaraunsle izendatzen dira.
- Testamentugileak ez dauka seniderik, jarauntsiaren gainean eskubidea izan dezakeenik. Hori dela eta, legatuan ematen dio neba edo arrebari etxebizitza; UNICEFi, bizi arteko errenta; eta osabari, bere jabetzapeko margolan batzuk. Jaraunsle izendatzen du, ordea, bere neba edo arreba (eta horrek eskuratuko du zehatz-mehatz legatu bidez eman ez den guztia, eta, ez badago ezer, orduan ez du ezer jasoko).

legatu(-)hartzailea

Pertsona fisiko edo juridiko horri testamentuan legatua  eman zaio.

lege organikoa

Estatuaren Konstituzioak eratortzen du lege-mota hori, eta oinarrizko arazo juridikoak arautzen ditu, hala nola, eskubideak eta askatasunak.
Lege arruntekin gertatu aldera, lege organikoak onesteko nahitaezkoa da ganberetan gehiengo kualifikatua lortzea.
Adibideak. Botere Judizialaren Lege Organikoa, Zigor Kodea onetsi duen Lege Organikoa.

legea

Arau juridiko orokorra da, nahitaez bete beharrekoa. Konstituzio-erregimenetan, botere legegileak ematen ditu legeak.

legea egin

Legeak  idatzi, ezarri.

lege(-)gatazkak

Lege-gatazka bada izan, une, toki edo pertsona jakin baten inguruan, bi legeria aplikagarri izan daitezkeen arren, horietatik bat bakarrik betearaz daitekeenean. Lege-gatazkak gertatzen dira, maiz-sarri, nazioarteko zuzenbide pribatuan. Baina, horretatik kanpo ere, lege-gatazkak gerta daitezke estatu jakin baten barruko legerian; kasu horretan, erregio arteko lege-gatazkez hitz egiten da. Egin-eginean ere, Bizkaian hainbeste lege-gatazka gertatzen dira, lurralde horretan bi legeria daudelako indarrean aldi berean, gai zibilei dagokienez: bata, foru-legeria zibila, eta, bestea, legeria zibil erkidea.
Estatuaren eskumen esklusiboa da gatazka-arauak zehaztea, eta arau horiek aplikatzen dira lege-gatazkak konpontzeko. Gaur egun, gatazka-arauak Kode Zibilean daude jasota, eta kontuan hartzen dituzte lotune desberdinak: lotune pertsonalak (oinarrian, auzotasun zibila), oinordetza-gaietan eta ezkontzaren araubide ekonomikoari dagozkionetan; lotune errealak (ondasunaren kokalekuari buruzkoak), jabetzari eta gainerako eskubide errealei dagozkien gaietan; eta, azkenik, egilespen-tokia aintzakotzat hartzen da, testamentu, kontratu eta gainerako egintza juridikoen formari dagokionez.

legegintza

Legeen zientzia.

legegintzako dekretua

Legea garatzeko araua. Arau horrek bi helburu izan ditzake. Bata, Gobernuari ahalmena ematea, Gorteek onetsitako oinarri-legea garatzeko; oinarri-lege horrek erregela orokorrak finkatzen ditu, eta Gobernuak, legegintzazko dekretuaren bitartez, erregela horiek garatzen ditu, berriro Gorteetatik pasatu gabe.
Bestea, usuago gertatzen dena: legearen bitartez (lege hori ez da oinarri-legea izango), Gobernuari baimena ematea, aurreko lege-testu batzuk testu bakar batera biltzeko.
Edozein kasutan ere, ezin dira eskuordetu lege organikoari dagozkion gaiak.
Adibidea. 6/2004 Legegintzazko Errege Dekretua, aseguru pribatuak antolatu eta berrikusteko legearen testu bategina onetsi duena. Arau hori bigarren eginkizunaren adibidea da, gai horren inguruan lehendik indarrean zeuden testuak batzen dituelako.

legeria

Estatua gobernatzeko duten legeen multzoa.

legezko egoitza

Pertsona fisikoak edo erakunde juridikoak toki horretan du bere bizilekua, bere eskubideak eta betebeharrak egikaritzeko.

legezkoa

Legeari, zuzenbideari edo justiziari dagokiona, edo horri buruzkoa.

legezkotasuna

Legearekin bat datorrena: egoera juridikoa, egintza edo kontratua.

legeztatu

Agiri edo sinadura baten legezkotasuna eta kautotasuna ziurtatu.

legeztatzea

Notario-elkargoaren dekanoak ziurtatzea notarioaren sinadura kautoa dela; horrela, agiriak fede eman ahal izango du atzerrian. 

lekuko instrumentala

Lekuko horrek, notario-agirietan, baieztatzen du, notarioarekin batera, egilespena bera gertatu dela eta zein eduki duen egilespen horrek.
Adibidea. Egilesleak  ezin badu sinatu edo ez badaki sinatzen, haren ordez bi lekukok sinatu behar dute; eta, hala denean, lekuko horiek ziurtatu behar dute egileslea egintzan bertan zegoela, gaitasun osoa zuela eta askatasunez eman zuela adostasuna. Sarritan, egilesleak bere hatz-aztarna ere jartzen du.

lekukoa

Pertsona horrek ezagutzen du zuzenbidearen esparruan garrantzitsua den egitatea, eta horren gaineko lekukotza ematen du.
Lekukoek hainbat eremutan parte har dezakete: auzietan; jaraunsleak adierazteko notario-
-aktetan; eskrituretan, egileslea identifikatzeko, hori ezin delako beste bide batetik identifikatu etab.

lekukotza

Zerbait existitzen delako froga, baieztapena, egiaztapena.

liburu adierazlea

Liburu hori folioduna da, eta bertan erregistraturik geratzen dira, sinadura erdiarekin, notarioak eskuetsitako lekukotzak eta legeztatzeak, horiek protokolora  bildu ez direnean.
Bertan agerrarazten da, orobat, kopia elektronikoak paperean jaso izana, notario jasotzaileek hori egin dutenean.

liburu(-)erregistroa

Liburu horretan, merkataritza-kontratuak erregistratzen dira, kontratu horiek jaso   direnean notarioak esku hartutako polizetan. Horren harira, urtarrilaren 19ko 45/2007 Errege Dekretuak aldarazi egin du notariotzaren antolakuntzari eta araubideari buruzko erregelamendua. Harrezkero, notarioen betebeharra da Merkataritzako Eragiketen Liburu Erregistroa eraman eta gordetzea. Liburu horrek bi atal ditu. A atalean gordetzen dira, dataz data antolatuta, urte betean esku hartutako merkataritza-kotratuen poliza jatorrizkoak; liburu hori urtero azaleztatu egiten da, liburuki batean edo gehiagotan. Horretarako uste izango da polizak liburu-erregistroan gordetzen direla, salbu eta notarioak notario-elkargoari komunikatzen dionean polizak protokoloan gordeko dituela; komunikazio hori abenduan egin behar da, hurrengo urte osorako eta ezin da urte horretan zehar aldatu. B atalean, aldiz, dataz data eta hurrenez hurren alderatzen dira jatorrizko agiri jakin batzuetan egindako esku-hartzeak, zergatik eta, agiri horien izaera dela eta, ezinezkoa delako jatorrizkoa notarioaren esku geratzea (adibidez, kanbio-letren kasuan).

likidatzailea

Pertsona horren ardura da sozietatea likidatzeko  beharrezkoak diren eragiketak burutzea.

likidatzea / likidazioa

Merkataritzako sozietatea desegiteko prozesuan barruratzen da: ordaintzeko dauden zorrak kobratzea, hartzekodunei ordaintzea eta bazkideen artean ondarea banatzea, besteak beste.
Irabazpidezko ondasunak banatzeko prozesuan ere barruratzen da, behin irabazpidezkoen sozietatea desegin eta gero, ezkontideen artean edo haien jaraunsleen artean irabazpidezkoak banatu behar direlako. Orobat barruratzen da jarauntsia banatzeko prozesuan, aurretiaz hildakoak utzi dituen ondasun, eskubide, zor eta betebeharren inbentarioa eta balorazioa eginda.

litisa

Liskarra, auzia.

lizitatzea / lizitazioa

Jendaurreko enkantean edo lehiaketan egindako eskaintza da; horren ondorioz, eskaintzarik onena egin duena adjudikaziodun bilakatuko da.

luditzea

Ezarri legearen arabera, zama  edo betebeharretik  aske geratzea.

Lur laua

Bizkaiko lurralde foruduna, bertako foru-zuzenbide zibila aplikagarri duena.
Esamolde historiko horrekin, Bizkaiko lurralde historiko osoa izendatzen da, salbu eta Balmaseda, Bermeo, Durango, Ermua, Gernika-Lumo, Lanestosa, Lekeitio, Markina-Xemein, Ondarroa, Otxandio, Portugalete eta Plentzia hiribilduen zati forugabea, Urduñako ziutatea eta Bilboren egungo udalerria. Izan ere, salbuetsitako lurralde horretan, legeria zibil orokorra aplikatzen da. Lur lauan, berriz, bertako foru-zuzenbide zibila aplikatzen da.

lurrealdearen araberako aplikazio(-)eremua

Legeak lurralde jakin batean eta pertsona zehatz batzuei aplikatzen zaizkie. Horregatik, aipatu esamoldeak erantzuna eman nahi dio honako galdera honi: non, zein tokitan aplikatzen da legeria zehatza?
Bizkaiko lurraldearen ezaugarri nagusietatik bat da lurralde horren barruan bi legeria desberdin aldi berean indarrean egotea, gai zibilei dagokienez: bata, foru-legeria zibila, Euskal Herriko Foru Zuzenbide Zibilari buruzko 3/1992 Legeak jasotzen duena; eta, bestea, legeria zibil erkidea, Kode Zibilak eta beste lege berezi nahiz orokor batzuek barruratzen dutena. Hori dela eta, aldez aurretik mugatu behar da zein lurraldetan aplikatu behar den legeria bakoitza.
Foru-legeria zibila Lur lauan aplikatzen da. Esamolde historiko horrekin, Bizkaiko lurralde historiko osoa izendatzen da, salbu eta Balmaseda, Bermeo, Durango, Ermua, Gernika-Lumo, Lanestosa, Lekeitio, Markina-Xemein, Ondarroa, Otxandio, Portugalete eta Plentzia hiribilduen zati forugabea, Urduñako ziutatea eta Bilboren egungo udalerria. Izan ere, salbuetsitako lurralde horretan, legeria zibil orokorra aplikatzen da. Bestalde, kontuan hartu behar da, Bizkaiko Forua aplikatzen dela, orobat, Arabako Laudio eta Aramaio udaletan.
Aiarako Foruari dagokionez, aipatu lurrean aplikatzen da hori; zehatz esateko, Aiarako lurrak bere barruan hartzen ditu Aiara, Amurrio eta Okondoko udalak, eta, Artziniegako udaletik, Mendieta, Erretes Tudela, Santa Koloma eta Soxoguti auzoak.
Eta, bukatzeko, Gipuzkoako Forua lurralde historiko osoan aplikatzen da, betiere bertako baserriak eskualdatzeari dagokionez.

Konekta zaitez