Bilatu
A B C D E F G H I J K L M N Ñ O P Q R S T U V W X Y Z
Aldaketa edo definizio berria iradoki nahi baduzu, komunika iezaiozu, mesedez, zerrenda administratzeko ardura duenari.

karga

Zerga edo tributu horrek lotura du pertsona fisikoaren aberastasun edo errentarekin, edo, bestela, ondasun higigarri  nahiz higiezinarekin.

kargapekoa

Zama  edo karga zeinek jasan, eta pertsona edo gauza hori.

kasazioa

Errekurtso berezi hori Auzitegi Gorenari jartzen zaio, kasu zehatz batzuetan bakarrik, eta probintzietako audientziek bigarren auzialdian emandako epaien kontra.
Epaia “kasatzeak” esan nahi du Auzitegi Gorenak epaitza eman duela errekurtsoa jarri duenaren alde, eta, ondorenez, beheko auzitegiak emandako epaia deuseztatu duela.

Katastroa

Ondasun higiezinei   buruzko erregistro publiko eta estatistikoa.
Zerga-bilketa da, izatez, Katastroak betidanik gauzatu izan duen eginkizun nagusia: erreminta egokia da, beraz, ondasun higiezinen kontribuzioa ordaintzen dela kontrolatzeko. Zernahi gisaz, erakunde horrek emeki-emeki eginkizun gehiago bereganatu ditu, eta, ondorenez, ondasun higiezinen ezaugarri fisiko guztiei buruzko erregistro bihurtu da.

kaudimenduna

Norbait kaudimenduna denean, behar bezala bete ditzake bereganatutako betebeharrak edo konpromisoak, baduelako horretarako finantza-baliabide nahikoa.

kaudimengabezia

Zorra ordaintzeko gaitasunik ez izatea eta epaiketa bidez ezgaitasun hori aitortzea.

kausatzailea

Pertsona fisiko hori hiltzen denean, horren ondare osoaren gainean oinordetza irekitzen da.
Horrexegatik, jaraunsleei kausadun deitzen zaie.

kita

Hartzekodunak  zorduna zorretik askatzea, osorik edo zati batez.
Kitarekin batera, “itxarotea” gerta daiteke, hau da, zorraren ordainketa geroratzea. Maiz-sarri gertatzen da kita izeneko hori, exekuzio kolektiboko prozesuetan (esaterako, antzinako ordainketa-etenduretan nahiz porrotetan, edota egungo hartzekodunen konkurtsoetan). Izan ere, prozesu horietan, hartzekodunek eta zordunak hitzarmena egin dezakete, zorraren kobrantzari buruz, baina kita edota itxarotearekin batera.

klausula

Halakoa da kontratuek, tratatuek edo testamentuek dituzten xedapenetatik bakoitza.
Klausulak zenbakidunak izaten dira.

kodiziloa

Azken nahien inguruko xedapena da, ez, ordea, testamentua; bertan, jaraunslerik izendatu gabe, oinordetzaren zati bat arautzen da.
Kataluniako foru-legerian bakarrik dago onartuta. Gainerako legerietan, ez da halakorik onartzen, oinordetza arautzeko agiria testamentua izaten baita kasurik gehienetan.

kolazioa

Kolazio hitzak bi adiera ditu:
a) Zenbait pertsonak legez eskubidea dutenean herentziaren zati baten gainean (hau da, senipartedunak direnean), kolaziora ekarri behar da (hau da, herentziaren kontura) kausatzaileak bizirik zegoenean edonori oparitutako edo dohaintzan emandako guztia; horrela jakin ahal izango da dohaintza horiekin xedapen askeko zatia gainditu den ala ez. Dohaintzan emandako ondasunen balioa kalkulatu ondoren, ateratzen bada legeak onartzen duena gainditu egin dela, onuradunek senipartedunak konpentsatu beharko dituzte, gaindikina itzuliz.
b) Seme-alabak daudenean bakarrik. Gurasoak, bizirik dagoela, seme edo alaba zehatz bati dohaintzan eman badio ondasunen bat (adibidez, ondasun higiezinen bat), zalantzan jar daiteke zein izan den guraso horren asmoa, hau da, ea guraso horrek “hobekuntza” eman nahi izan dion seme edo alaba horri. Zalantza hori argitzeko, bi jarrera egon daitezke: gurasoaren asmoa izan daiteke seme edo alaba horrek jasotzea, bai dohaintzan emandakoa, bai herentzian dagokiona, eta, beraz, neba-arrebek baino gehiago kobratzea; edo, bestela, gurasoaren asmoa izan daiteke seme edo alaba horri hobekuntzarik ez ematea, baizik eta opari moduan ematen zaiona arinago aprobetxatzea, baina, azken kalkuluak egitean, neba-arreba guztiek kopuru berbera jasotzea. Ulertzen bada aita edo amaren asmoa bigarren hori izan dela, orduan semeak edo alabak dohaintzan jasotakoa kolazionatu beharko du, eta gutxiago jaso herentziatik. Gurasoen asmoa lehenengoa bada, ordea, seme edo alaba horrek herentziatik jasoko du neba-arrebek jasotakoaren bestekoa, eta, azken zenbaketan, besteek baino gehiago jasoko du.
Adibideak.
a) adieraren inguruko adibidea. Aitak hiru seme-alaba ditu, eta bere ondasun garrantzitsu bakarra (etxebizitza) maitaleari dohaintzan eman eta gero, hil egin da. Zuzenbide erkidearen arabera, aita horrek bere jarauntsiaren herena bakarrik xeda dezake kanpokoen alde; horrenbestez, banaketa egiten denean, egiaztaturik geratzen bada aita horrek ahal zuena baino gehiago xedatu duela, maitaleak ondasun higiezina kolazionatu beharko du, horren balioa jarauntsira ekarrita eta gaindikinarekin seme-alabak konpentsatuta.
b) adieraren inguruko adibidea. Gurasoak bi seme-alaba ditu, eta horietatik bati dohaintzan ematen dio landa-finka. Testamentua egiten duenean, aitak jaraunsle izendatzen ditu seme-
-alaba biak, erdi bana. Gurasoak, hiltzean, bazituen beste ondasun batzuk. Dohaintza egitean, gurasoak ezarri bazuen semeak edo alabak finka kolazionatu behar zuela, orduan hori baloratu beharko da, eta beste horrenbestean gutxiago jasoko du herentziatik. Haatik, gurasoak adierazi bazuen ez zela kolaziorik egin behar, seme edo alaba horrek jarauntsiaren erdia jasoko du, eta oparitutakoa hobekuntza izango da.

komanditako sozietatea

Sozietate horretan, bi motatako bazkideak daude: batzuek erantzukizun eta solidaritate mugagabea dute, eta besteek, aldiz, erantzukizun mugatua, hain justu ere, ekarritako kapitalaren ondoriozkoa. Praktikan ez da askorik erabiltzen.

komisario bidezko testamentua

Komisario bidezko testamentua da komisarioak egiletsi duena, ahalorde-
-emaileak berari eman dion testamentu-ahalordea erabilita; izan ere, ahalorde hori ematen da, ahalorde-emailea hil ondoren haren ondasunak xedatzeko. Kode Zibilak beren beregi debekatzen du testamentu-mota hori. Izan ere, legeria zibil erkidean, testamentuaren oinarrizko ezaugarrietatik bat da bere-berezkoa izatea, eta horrek eragozten du, orokorrean, testamentua egiteko ahalmena eskuordetu ahal izatea. Haatik, foru-legeria zibil desberdinek, eta, bereziki, Bizkaia eta Gipuzkoako foruek onartu egiten dute testamentu-mota hori. Are gehiago, Euskal Herriko Foru Zuzenbide Zibilari buruzko Legearen 13. artikuluaren arabera, bizkaitar forugabeek ere komisario bidezko testamentua egin dezakete (bai eta testamentu mankomunatua ere), Bizkaiko Foruaren xedapenekin bat etorriz. 

komisarioa

Testamentugileak pertsona zehatz horri agintzen dio oinordekoa izendatzea eta ondasunak banatzea, eta, halaber, testamentugileak beste ahalmen batzuk ematen dizkio, ondasun horiek oinordetza bidez eskualdatu ahal izateko. Orokorrean, legeria zibil erkideak ez du onartzen komisarioaren figura. Haatik, onartuta dago Bizkaiko nahiz Gipuzkoako foruetan. Bizkaian, komisario izan daitezke, bai ezkontidea, bai bestelako senideak, baita lagunak ere. Gipuzkoan, ezkontidea bakarrik izan daiteke komisario; gainera, komisarioaren izendapena baliozkoa izan dadin, kausatzaileak adierazi behar du zein pertsona-talderen barruan egin behar den oinordekoaren izendapena, eta, adierazpen hori egin ezik, beharrezkoa da kausatzaileak nahitaezko jaraunsleak izatea.

komodatua

Erabilera-mailegua.
Kontratu horren bitartez, maileguan eman edo hartuko da suntsitu gabe erabil daitekeen gauza, betiere, geroago gauza hori itzultzeko betebeharrarekin.
Doako mailegua da; baina gauza jaso duenak ordaindu behar ditu berori erabili eta artatzeko beharrezkoak diren gastuak.
Adibidea. Sarritan, gurasoek, komodatuan eta ahoz, euren jabetzapeko etxebizitza ematen diete seme-alabei, horiek ezkontzen direnean.
Beste batzuetan, pintura-bildumen jabeek komodatuan lagatzen dizkiete bildumok museoei.

komunikazioa

Jendeak jakiteko zabaltzen den oharra, adierazpena edo mezua.
Adibidea. Komunikazioak dira Kontrol Batzordeak (CATI izenekoak) notarioei bidalitako agiriak.

komunikaziopeko ondasunak

Foru-komunikazioa da, izatez, Bizkaiko foru-zuzenbide zibilean ezkontzari berezko zaion araubide ekonomikoa. Foru-komunikazioaren bitartez, erkide egiten dira, ezkontideentzat erdi bana, ondasun higigarri eta onibar guztiak, euren jatorria edozein izanik ere, batarenak izan nahiz bestearenak izan, edozein titulutatik eskuratu direla, bai ekarritakoak, bai ezkontza bitartean eskuratutakoak, non dauden kontuan hartu gabe. Horretarako, nahitaezkoa da foru-
-komunikazioa, ezkontzak eratortzen duena, desegite-unean sendotzea, ezkontideetatik bat, seme-alabak edo ondorengo erkideak dituela, hiltzegatik. Kasu horretan, ondasun guztiak erkide egiten dira eta horiei deitzen zaie komunikaziopeko ondasun. Ezkontzaren araubide ekonomiko honi dagokionez, azpimarratu behar da, bukatzeko, bereizi behar direla, alde batetik, irabazitako ondasunak, eta, bestetik, ezkontide bakoitzarengandik datozenak; bada, bereizketa hori egiteko, kontuan hartu behar da legeria zibil orokorrak nola bereizten dituen irabazpidezko ondasunak eta ondasun pribatiboak.

konfiantzako jaraunslea

Horrek herentzia osoa edo zati bat jasotzen du, eta jasotako hori erabili behar du testamentugileak isilpean komunikatutako helburuetarako.

konpultsa

Bi agiri edo gehiago aztertzea, agiriok elkarrekin alderatuz.
Notarioen esparruan, “lekukotza” izango litzateke terminorik egokiena. Notarioak fede ematen du erreprodukzioa, gehienetan fotokopia, bat datorrelako jatorrizkoarekin.
Adibidea. Notario-lekukotza da nortasun-agiria fotokopiatzea eta notarioaren sinadurarekin diligentzia idaztea, fotokopia hori eta jatorrizkoa berdinak direla esateko.

konstituzioaren aurkakoa

Halakoa da estatuaren konstituzioarekin bat ez datorrena.
Konstituzio Auzitegiak adieraziko du arau zehatza konstituzioaren aurkakoa den ala ez.

kontratua

Agiri horretan jasotzen dira aldebiko nahiz aldeanitzeko negozio juridikoaren helburua eta hizpaketak, negozio horrek ondare-izaera duela.
Adibideak. Salerosketa-kontratua, trukaketa, sozietatearen eraketa, mailegua etab.

kontratuzko oinordetza

Legeria zibil erkidean, oinordetza antolatzen da testamentuaren bidez edo legearen bidez; lehenengoari testamentuzko oinordetza deritzo, eta bigarrenari, abintestato oinordetza, testamenturik gabeko oinordetza edo oinordetza legitimo. Kode Zibilak, nolanahi ere, orokorrean debekatzen du oinordetza oinordetza-kontratuaren bidez edo oinordetza-itunen bidez antolatzea. Hortik ateratzen da kontratuzko oinordetza onargarria ez izatea, eta, beraz, oinordetza-itunak deusezak izatea, salbuespen zehatz batzuk alde batera utzita. Haatik, foru-zuzenbide zibil desberdinetan, oinordetza antolatzen da testamentuaren bidez, legearen bidez edo kontratuaren bidez. Horrela, oinordetza-itunek zeregin garrantzitsua betetzen dute, familia-ondarearen jarraitutasuna bermatzeko.

kooperatiba(-)sozietatea

Bazkide desberdinek (eskuarki, ekoizleek, saltzaileek edota kontsumitzaileek) sozietate-mota hori eratzen dute, eta erkidegoan jartzen dute euren lana, ondasunak eskuratu nahiz banatzeko, edota zerbitzuak emateko.

kopia elektronikoa

Protokoloaren erreprodukzioa da hori, hala kopia eskuetsi moduan, nola kopia huts moduan, betiere euskarri elektronikoan, ez, ordea, paperean. 2002. urteko Aurrekontuen Osagarri gisa emandako 24/2001 Legeak, eta, zehatzago, lege horren 106.etik 115.erako artikuluek sorrarazi dituzte kopia-mota horiek. Azken artikulu horrek, halaber, Notariotzaren Legea aldarazi du, horri 17bis artikulua gehituz.
Kopia eskuetsi elektronikoaren arauketa eta paperezko kopiarena desberdinak dira. Egin-
-eginean ere, lehenengoa jasotzaile jakin batzuei bidaltzeko bakarrik luza daiteke, eta, gainera, helburu zehatz batekin bakarrik erabili ahal izango da, helburu hori kopian bertan agerrarazi behar dela.
Adibidea. “Enpresa Berri Sozietate Mugatu” deitutakoaren eraketa telematikoan, kopia elektroniko eskuetsia bidaltzen da Merkataritzako Erregistrora, bertan inskripzioa egiteko.
Gisa bertsuan, 2003. urteko otsailetik aurrera, notarioek kopia elektronikoak bidali ahal dizkiote elkarri, posta korporatiboaren bitartez.

kopia eskuetsia edo kopia kautoa

Hori notario-kopia da beti. Protokoloa zein notarioren ardurapean egon eta notario horrek matrize  (eskritura edo akta) osoaren edo zati baten erreprodukzioa eskuesten du, alderdi interesdunak hala eskatuta. Notario hori izan daiteke matrizea eskuetsi zuena bera edo horren ordezkoa protokoloan.
Legearen aginduz, kopia eskuetsia agiri publikoa da, agiri-mota horrek dituen ondore guztiekin. Formatu berezia du: paper tinbredun eta zenbakidunean luzatu behar da, notarioak orri guztiak sinatu behar ditu, azkenekoan segurtasun-zigilua jarri behar da, eta, berebat, notario horren zeinua eta sinadura jarri behar dira bukaeran.
Adibidea. Jatorrizko eskritura edo akta eskuetsi zuen notarioak horren kopia eskuetsia luza dezake; baina gero jubilatzen bada edo plaza aldatzen badu, edo, besterik gabe, oporretan badoa, ordezkoak egin ahal izango du hori.

kopia hutsa

Protokoloa zein notarioren ardurapean egon eta notario horrek matrize  osoaren edo zati baten erreprodukzioa eskuesten du, informazio-helburu hutsarekin eta alderdi interesdunak hala eskatuta.
Kopia hutsa, izatez, agiriaren edukiaren erreprodukzioa izaten da, eta, bertan, notario bakoitzaren zigilua jartzen da. Kopia horrek kopia elektronikoaren formatua izan dezake.
Halako kopia erabili ohi da, maiz-sarri, ogasunari emateko, kasuan kasuko zergak ordaindu behar direnean.

kopiaren oina

Kopia eskuetsiaren bukaeran, notarioak, diligentzia  labur horren bitartez, adierazten du noiz luzatu den kopia, nork eskatu duen kopia hori, eta jatorrizkoari begira kautoa dela baieztatzen du.

kopista

Notarioaren bulegoan, protokoloko agirien kopiak prestatzeaz arduratzen den enplegatua; sarritan, bestelako zereginak ere betetzen ditu notarioaren bulegoan. Guztiarekin ere, notario-
-bulegoetako kategorien sailkapena zaharkiturik geratu da.

kopuruaren gaineko legatua

Kasu horretan, diru-kopurua ematen da legatuan.

kostubidezkoa

Gastuak, zamak sorrarazten dituena.
Alderdientzat zenbait prestazio dakartzan egintza juridikoa.  Doakoarekin aurrez aurre jar daiteke.
Adibidea. Salerosketa kostubidezkoa da, prezioa ordaindu behar delako; trukaketa ere halakoa da, bi alderdiek elkarrekin ondasunak edo eskubideak trukatzen dituztelako. Aitzitik, dohaintza doakoa da, alderdi dohaintza-hartzaileak ez duelako prestazio baliokiderik egin behar. 

kreditu(-)titulua

Balore-titulu  horretan, eskubidea aitortzen zaio pertsona fisiko edo juridiko zehatzari.

Konekta zaitez