Bilatu
A B C D E F G H I J K L M N Ñ O P Q R S T U V W X Y Z
Aldaketa edo definizio berria iradoki nahi baduzu, komunika iezaiozu, mesedez, zerrenda administratzeko ardura duenari.

factoringa

 Factoringa da, izatez, finantza-erakundeek enpresei eskaintzen dizkieten finantza-zerbitzu administratiboen multzoa, zerbitzu-multzo hori aplikatu ahal denean enpresa zehatz batek bere bezeroei kreditura egiten dizkien salmentetan. Produktu horren jasotzaileak izaten dira, batik bat, enpresa txiki eta ertainak. Factoringak bere barruan hartzen ditu, besteak beste, honako zerbitzu hauek:
- Bezeroen kartera administratzea
- Fakturen kobrantza kudeatzea
- Bermea ematea, zordunak kaudimengabe direnerako
- Zirkulatzailea finantzatzea, horretarako finantza-aurrerapenak eginez, lagatako fakturen gainean.

fadiga

Legeak lehenespenez eskuratzeko eskubide hori aitortzen die zentsuaren  titularrari eta finkaren jabeari; hori baliatuta, eroslehentasun-eskubidea eta atzera-eskuratzeko  eskubidea egikari dezakete, hurrenez hurren, finka edo zentsua eskuratzeko, baldin eta haren titularrak hori kostu bidez  lagatzen badu. Horretarako, prezio bera ordaindu behar dute eta itundutako gainerako baldintzak bete behar dituzte.
Zentsuak antzinako erakundeak dira, eta, gaur egun, ez dira erabiltzen.

falta

Legeak zigor arinarekin zehatutako arau-haustea. Zigor-zuzenbidean, falta eta delitua aurrez aurre jar daitezke, delitua zigor astunarekin zehatutako arau-haustea baita. 

faltsutasuna

Egia eraldatzea edo egiaren itxura egitea.
Hori agerkai publikoan eginez gero, agiri publikoaren faltsutasuna gertatzen da (adibidez, aitorpena egiazkoa ez denean).
Zernahi gisaz, gauza bat da “agiriaren faltsutasuna” eta beste bat da agiri faltsua bera sortzea, agiri hori pribatua izan nahiz publikoa izan (esate baterako, nortasun-agiria edo eskritura faltsutzea).

fede publikoa

Horixe da notarioei, epaitegietako nahiz auzitegietako idazkariei, erregistratzaileei eta beste funtzionario batzuei eratxiki zaien aginte legezkoa; aginte hori baliatuta, haiek zein agiri eskuetsi eta agiri horiek kautotzat jotzen dira, eta agirion edukia egiazkotzat jotzen da, kontrakoa frogatzen ez den bitartean.
Fede-emaile publikoak dira estatuak jardunean aritzeko nori fede publikoa eman eta horiek beroriek. Fede publikoa da, beraz, estatuak eginiko eskuordetza; izan ere, antolamendu juridikoak ondore garrantzitsuak eratxikitzen dizkie fede-emaile horiek luzatutako agiriei, gainerako dokumentuekin alderatuta. Hori dela eta, fede-emaile guztiak, baita notarioak ere, funtzionario publikoak dira.

fede(-)emailea

Notarioa edo bestelako funtzionarioa, legez fede publikoa  emateko agintea duena.

fede(-)ematea

Notarioaren zereginen artean, garrantzitsuenetatik bat da fede publikoa ematea. Fede emateak berebiziko ondoreak ditu, frogari dagokionez, eta, izatez, estatuak notarioaren gain (edo bestelako fede-emaileen gain) beren-beregi eginiko eskuordetza da; horregatik, notarioa, profesional juridikoa ez ezik, funtzionario publikoa ere izan behar da.

fidantza

Negozio juridiko horren bitartez, norbaitek bere gain betebeharra hartzen du, zordun nagusiaren betebeharra osorik edo zati batez betetzeko, zordunak hori egiten ez duenerako. Abalaren parekoa da.
Notarioak berme hori eratzen du estatuaren mesederako, bere karguaz jabetu baino lehenago, bere lanbideko eginkizunak beteko dituela ziurtatzeko.
Adibidea. Maiz-sarri, maileguetan (horiek polizan jasotako mailegu pertsonalak izan nahiz eskritura publikoan jasotako hipoteka-maileguak izan), finantza-erakundeek eskatzen dute abal-emaileek edo fidantza-emaileek sinatzea; halakoak izaten dira, berbarako, zordun nagusien gurasoak. Horrela, maileguak kobratzeko bermea indartu egiten da.
Askotan gertatzen da, orobat, sozietateren batek mailegua eskatzea, eta, orduan, sozietate horretako bazkideek euren sinadura jartzea, fidantza-emaile edo abal-emaile gisa.

fidantza(-)emailea

Bera da fidantza eman duena, eta horrexek hartu du bere gain ordainketa egiteko erantzukizuna, zordunak berari dagokiona betetzen ez duenerako.

fideikomisoa

Azken nahiaren xedapen horretan, norbaitek bere ondasun guztiak edo batzuk ematen dizkie jaraunsle jakin batzuei, eta jaraunsle horiek geroago beste norbaiti eskualdatu behar dizkiote ondasun horiek beroriek.
Fideikomisozko ordezpenaren adibiderik garrantzitsuena da, hain justu ere, fideikomisoa. Fideikomisoa, izatez, testamentuan jarritako xedapenetatik bat da; horren bitartez, testamentugileak hauxe ezartzen du: ondasun bat edo batzuk, lehenengo eta behin, jaraunsle jakin batzuen jabetzapekoak izango dira (fiduziarioen jabetzapekoak, alegia), eta, geroago, beste jaraunsle batzuek (hau da, fideikomisodunek) jasoko dituzte ondasun horiek beroriek, eta eurak izango dira azken jasotzaileak.
Klausula horren xedea da ondasun jakin batzuen destinoa zuzentzea, behin jabea hil eta gero; horrela eragotz daiteke lehenengo jaraunsleek (hots, fiduziarioek) ondasun horiek saltzea edo doan ematea, eta fideikomisodunak ezer gabe geratzea.
Adibidea. Testamentugileak ezartzen du ondasun higiezinaren jabetza bere ilobak eskuratuko duela, jaraunsle-fiduziario gisa; eta, behin iloba hil eta gero, jaraunsle horren seme-alabek eskuratuko dute ondasun higiezina, eta eurak izango dira fideikomisozko jaraunsleak. Testamentugileak, ondorenez, eragotzi egiten du lehenengo jaraunsleak ondasun higiezina saltzea, nahiz eta jaraunsle horrek ondasuna gozatu; izan ere, testamentugileak aldez aurretik ezarri du zein izango den ondasunaren destinoa aurreneko jaraunslea hil ondoren, eta, horrela, jaraunsle horren seme-alabak izango dira fideikomisozko jaraunsleak eta eurek eskuratuko dute ondasuna.

fideikomisoduna

Bera da fideikomisoa  jasotzen duena.

fideikomisogilea

Bera da fideikomisoa  ezarri duena.

fideikomisozko ordezpena

Beste jaraunsle edo legatu-hartzaile bat edo batzuk izendatzea, aurretiaz jarritakoek ondasun eskuratu eta erabili eta geroko.
Halakoetan, hauxe ezartzen da: behin lehenengo jaraunsle- fiduziarioa  hil ondoren, ondasunak nahitaez bigarren jaraunsle fideikomisodunei  eman behar zaizkie.

fiduziario bidezko jaraunslea

Alargunak izendatzen du jaraunsle hori, hildakoak berarekin izandako seme-alaba edo ondorengoen artean aukeratuta.

fiduziarioa

Jaraunsle edo legatu-hartzaile horrek testamentugilearen ondasunak kontserbatu eta eskualdatu behar ditu, hark eman dizkion jarraibideen arabera.

finantza(-)errentamendua

Leasinga.
Kontratu horretan, errentamendua eta erosteko aukera konbinatzen dira. Ondasun jakin baten errentamendu-epea amaitutakoan, errentariak hiru aukera ditu: lehenengoa, ondasunaren jabetza eskuratzea, horren hondakin-balioa prezio moduan ordainduta; bigarrena, kontratua luzatzea; eta, hirugarrena, beste ondasun bat eskuratzea.
Maiz-sarri, leasinga erabiltzen da, enpresentzako ibilgailuen edota industriarako makineriaren erosketa finantzatzeko; praktikan, leasingak berarekin dakar prezioa eta korrituak epeka ordaintzea, eta, azkenean, hondakin-kuota bat izatea, epe baten bestekoa, gutxi gorabehera.

fiskala

Fiskoari (Ogasunari) dagokiona.
Fiskaltza: funtzionario judiziala da, Fiskaltzaren ordezkaria. Haren ardura da auzitegietan akusazio publikoa egitea, bai eta adingabeak, ezgaituak eta jendaurreko beharrizana dutenak babestea ere.

Fiskaltza

Ministerio publikoa.
Funtzionario judizial hori estatuaren ordezkaria da, eta justiziaren ekintza sustatzen du, herri-
-interesaren defentsarako.

fiskoa

Altxor publikoa.
Estatuaren zergak biltzeaz arduratzen den administrazioa.

forua

Foru hitzak adiera desberdinak izan ditzake.
Prozesuko adiera kontuan hartuta, forua da pertsona jakin batzuei (adibidez, parlamentariei) euren kargua dela-eta dagokien jurisdikzio-eskumen berezia.
Foruak, halaber, pribilegioa adierazten du, alegia, pertsona jakin bati edo pertsona-talde jakin bati aitortutako egoera onuragarria (esaterako, elizforua, militarren forua, diplomaziako forua…).
Bestalde,  foru hitzak, eta, zehatzago, udal foruak edo hiri-gutunak adierazi nahi du    errege-
-erreginek edo lurreko jauntxoek hiribildua edo hiria sortzean horri emandako estatutu juridikoa, eta, beraz, hiribildu edo hiri horretan aplikagarria dena. Estatutu horren helburua zen, oro har, bertako bizimodua arautzea, eta, zinez, zenbait pribilegio jasotzen zituen (berbarako, salbuespen fiskalak izatea, soldadutzatik aske geratzea…).
Bukatzeko, foru hitzak adierazi nahi du zuzenbide pribatuko erregela juridikoen multzoa, antzinako usadio eta ohiturek eratortzen dutena, eta, beraz, ohiko legegileak edo legebiltzarrak eman ez arren, toki jakin batean indarrean dagoena. Ildo horretatik, foru-zuzenbide zibilaz ere hitz egiten da.

foru(-)deiak

Bizkaiko Foruan, horixe da ondasun tronkalak besterentzeko borondatea iragarri eta ondasunok senide tronkeroei eskaintzea. Tronkalitatearen helburua da, izan ere, ondasunak familia tronkaletik ez ateratzea, familiakide guztien nahia kontuan hartu gabe. Hori dela medio, ondasunak kostu bidez eskualdatzeko, nahitaezkoa da, aldez aurretik, ondasunok senide tronkeroei eskaintzea, foru-deien bitartez; eta, senide tronkeroetatik batek ere ez baditu ondasunok eskuratu nahi, orduan arrotzei besterendu ahal izango zaizkie.
Foru-deiak notario-aktan jasotzen dira, eta ediktuen bitartez gauzatu. Ediktuak honako hauek adierazi behar ditu: eskualdaketa egiteko borondatea nork izan eta horren inguruabarrak; zein finka besterendu nahi izan eta horren inguruabarrak; finka hori zein titulutatik eskuratu zen; finkak Katastroan zein balio duen, halakorik badago; zein notarioren fedepean formalizatu nahi den besterentzea; eta, orobat, finka Erregistroan identifikatzeko datuak, finkak halakorik baldin badu. Ediktua beti argitaratuko da, finka zein udalerritan egon eta bertako udaletxeko  iragarki-
-taulan. Argitara eman daiteke, orobat, parrokia-elizan, akta eskuetsi duen notarioaren ustez hori egoki baldin bada.

foru(-)komunikazioaren araubidea

Foru-komunikazioa da, izatez, Bizkaiko foru-zuzenbide zibilean ezkontzari berezko zaion araubide ekonomikoa. Ezkontzaren araubide ekonomikoa foru-komunikazioa izango da, baldin eta ezkontideek ezkontzako itunetan askatasunez hori hitzartu badute; bestela, aplikagarria izan daiteke, ordezko lege-araubide gisa, ezkontzako itunik egin ez denerako, baldin eta ezkontide biak bizkaitar forudunak badira, edo, auzotasun zibil erkidea izan ezik, euren ohiko bizileku erkidea, ezkondu ostekoxekoa, Lur lauan jarri badute, eta, bizileku erkiderik izan ezean, Lur lauan ezkondu badira.
Foru-komunikazioaren bitartez, erkide egiten dira, ezkontideentzat erdi bana, ondasun higigarri eta onibar guztiak, euren jatorria edozein izanik ere, batarenak izan nahiz bestearenak izan, edozein titulutatik eskuratu direla, bai ekarritakoak, bai ezkontza bitartean eskuratutakoak, non dauden kontuan hartu gabe. Foru-komunikazioa, ezkontzak eratortzen duena, desegite-unean sendotzen da, ezkontideetatik bat, seme-alabak edo ondorengo erkideak dituela, hiltzegatik.
Aitzitik, foru-komunikazioa azkentzen bada ezkontideetatik bat hiltzeagatik, baina ondorengo erkiderik utzi gabe, edo foru-komunikazioa azkentzen bada banantze-, dibortzio- edo deuseztasun-epaia eman delako, orduan ezkontide bakoitzari dagozkio berarengan jatorria duten ondasunak, eta horiekin eskuratutakoak eta horiek saldu eta salmenta-prezioarekin eskuratutakoak. Eskuraketa egiteko, zati batean behintzat, beste jatorri bateko ondasunak erabili badira, orduan ondasun horien titularrei dagozkie, indibisoan, bakoitzak jarri duen zenbatekoaren arabera. Irabazitako ondasunak bi ezkontideen artean banatuko dira erdi bana.

foru(-)saka

Bizkaiko Foruarekin bat etorriz, foru-saka da senide tronkeroei dagokien eskubidea, forudunak izan nahiz forugabeak izan, ondasun tronkalak lehenespenez eskuratzeko, lege-aginduz ezarritako hurrenkeraren arabera, eta oinari begira zein lerrotakoak diren eta hurbiltasun-gradua zein den aintzakotzat hartuta, noiz eta ondasun tronkal horiek arrotzei besterendu nahi zaizkienean kostu bidez.

foru(-)zuzenbide zibila

Lurralde jakin batzuetan, arrazoi historikoak direla eta, zuzenbide pribatuko arau-multzo bereziak izaten dira; arau horiek, oinarrian, familia-zuzenbideko gaiak, oinordetza-
-zuzenbidekoak eta jabetzaren ingurukoak arautzen dituzte. Halako arau-multzoari deitzen zaio, deitu ere, foru-zuzenbide zibil. Horrekin aurrez aurre jarrita, “zuzenbide zibil erkide” esamoldea erabiltzen da, Kode Zibilaren eta gainerako lege zibil orokorren edukia identifikatzeko.
Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean, zuzenbide zibil erkidearekin batera, hiru foru-
-zuzenbide zibil daude indarrean aldi berean: Bizkaikoa, Aiarakoa eta Gipuzkoakoa, zeinek bere ezaugarri berezkoak dituela. Guztiak ere Euskal Herriko Foru Zuzenbide Zibilari buruzko 3/1992 Legean daude jasota.

fundazioa

Irabazteko asmorik gabeko erakundea, ongintza- nahiz kultura-helburuak dituena, bai eta berezko nortasun juridikoa ere. Fundazioak eskritura publikoan eratzen dira, eta fundazioen erregistro berezietan inskribatzen dira.

funtzionario publikoa

Enplegu publikoan diharduena. Administrazio Publikoaren enplegatua.

Konekta zaitez