Bilatu
A B C D E F G H I J K L M N Ñ O P Q R S T U V W X Y Z
Aldaketa edo definizio berria iradoki nahi baduzu, komunika iezaiozu, mesedez, zerrenda administratzeko ardura duenari.

babes(-)errekurtsoa

Konstituzioaurkakotasun- errekurtso  hori edozein pertsonak jar dezake, baldin eta auzitegiek edo beste pertsona batzuek ez badituzte errespetatu Konstituzioan bermatutako eskubideak.

bahia

Ondasun higigarrien,  baloreen edota diruaren gaineko berme erreala. Haien edukitza hartzekodunari  ematen zaio, bermea eratzen baita, betebehar baten betetzea bermatzeko.

baimena

Lizentzia, onespena.

baliozkotasuna

Egintza juridikoa  baliozkoa da, inolako akatsik ez duenean, eta, ondorenez, egokia denean, berari berez dagozkion ondorioak sortzeko.

balioztatzea

Epaileak, notarioak edo pertsona eskudunak aitortzea ahalorde edo agiriren baten kautotasuna. 

balore(-)titulua

Agiri horrek eskubidea ordezkatzen du, eta eskubide hori tituluan barruratuta dago. Tituluaren edukitza izatea nahitaezkoa da, bertan zehaztutako eskubidea egikaritu ahal izateko.

barkamena / barkatzea

Zorretik askatzea, onuradunak horri uko egiteagatik. Barkatzeko arrazoiak desberdinak izan daitezke.
Adibidea. Norbaitek zorra dauka supermerkatuan; baina, kudeatzaileak zordun horren egoera larria dela jakinda, zorra kentzen dio: barkatu egiten dio.

barrunbeko notariotza

Herri honetan, notario  batek edo batzuek dute euren egoitza.

barruti judiziala

Lurralde-batasun horrek bere barruan hartzen ditu probintzia bereko herri batzuk; lehen auzialdiko eta instrukzioko epaile batek edo batzuek dute lurralde-batasun horren gaineko eskumena.

baserria

Gipuzkoako Foruaren araubidea Euskal Herriko Foru Zuzenbide Zibilari buruzko Legean barruratu da, azaroaren 16ko 3/1999 Legearen bitartez. Bada, Gipuzkoako Foruari helduta, baserria etxebizitzak berak eta hari lotutako gainerako eraikin, areto, lursail eta ondazilegiek osatzen dute, bai eta, baserriaren ustiaketari, ustiatzen bada, atxikitako ondasun higigarriek, aziendek eta makinek ere. Auzotasun zibila Gipuzkoako lurralde historikoan dutenak, aldi berean, lurralde horretan kokatutako baserriaren titularrak badira, orduan, baserri hori eskualdatzeko, euren foruak eskaintzen dizkien tresnak erabil ditzakete, adibidez, komisario bidezko antolaketa, testamentu mankomunatua eta oinordetza-itunak.
Bestalde, Bizkaiko Foruaren arabera, baserria, berari dagozkion lurrekin batera, doan eskualdatzean, eskualdaketa horrek bere barruan hartzen ditu, kontrakoa xedatu ezik, altzariak, aziendak, makinak eta instalazioak, halakoak bertan badira, baserria ustiatzeko.

bateraezintasuna

Notarioak agiriak eskuesteko legez duen ezintasuna, berak edo beraren zuzeneko ahaideek agiri zehatz horretan interesa dutelako, edo, zuzendari nagusi gisa nahiz goi kargudun gisa, kargu publikoa betetzen duelako.

bazterketa / baztertzea

Formula horren bitartez, oinordetzatik kanpo geratzen dira legez izendatutako jaraunsle nahitaezkoak, testamentugileak horiek aukeratu ez dituenean.
Bizkaiko Foruan, testamentua egiteko askatasunari zenbait muga jartzen zaizkio. Horietatik bat da, hain justu ere, senipartea. Alabaina, legeria zibil erkidean gertatu aldera, Bizkaian, senipartea kolektiboa da; horrek esan nahi du testamentugileak askatasunez banatu ahal dituela ondasunak bere nahitaezko jaraunsleen artean, lerro bakoitzaren barruan. Are gehiago, testamentugileak nahitaezko jaraunsleetatik bat bakarrik aukera dezake, bere jaraunsle unibertsal izan dadin. Edozein kasutan ere, testamentugileak, testamentua egiteko unean, gogoan izan behar ditu bere nahitaezko jaraunsle guztiak; horrela, oinordetzatik kanpo geratu direnak ere, neurri batean behintzat, testamentuan agertu behar dira, bazterketa dela bide.
Aiarako Foruan, bestalde, testamentugileak askatasunez xedatu ahal ditu ondasun guztiak, testamentua, agintzaria edo dohaintza baliatuta, titulu unibertsalaren bidez nahiz banakako tituluaren bidez. Hori dela eta, Aiaran testamentua egiteko askatasuna Bizkaian baino askoz zabalagoa da. Zernahi gisaz, Aiarako lurrean ere nahitaezkoa da bazterketa, esanbidezkoa nahiz isilbidezkoa, banakakoa zein baterakoa.

bereiztea

Erakunde juridiko horren bitartez, sozietatearen ondarea zatitzen da, portzio bat baino gehiagotan; portzio horietatik bakoitzarekin sozietate berria era daiteke, edo, bestela, dagoeneko eratuta dagoen batera lekuz alda daiteke, betiere legez ezarritako baldintzak beteta.
Bereiztea oso-osokoa da, bereizitako sozietatea desegin eta desagertzen denean, eta, hura likidatu gabe, haren ondarea segregatu eta sozietate adjudikaziodunen artean zatitzen denean. Bereiztea zati batekoa da, berriz, jatorrizko sozietatea ez denean desegiten; aitzitik, iraun egiten du, baina haren ondarearen zati bat edo batzuk lekuz aldatzen dira dagoeneko eratuta dauden edo une horretan bertan eratzen diren beste sozietate batzuetara.

bermatzailea

Bermea  ematen duena.
Fidantza-emailea edo abal-emailea da, izan ere, ohiko bermatzailea.

bermea

Fidantza.
Kontratu horren helburua da betebehar baten betepena ziurtatzea; horretarako, zordun nagusiak betebeharra betetzen ez duenerako, gauza zehatza lotuta geratzen da edo hirugarrenak ordainketa egin behar du.
Esangura zabalean, bermea da betebeharra beteko dela ziurtatzen duen guztia. Horrela, maileguak hipoteka duenean, mailegu horren bermea ondasun higiezin zehatza da, hain justu ere, hipotekatuta geratu den ondasuna.
Oro har, norbaitek bere gain hartzen badu zuzenbidearen arabera galda daitekeen betebeharren bat, betebehar horri aurre egin beharko dio bere ondasun guztiekin, guztiak baitira betebeharra beteko dela ziurtatzeko berme generikoak.

berrespena / berrestea

Egintzak edo idazkiak onetsi edo baieztatzea, horiek baliozkoak edo egiazkoak direla onartuz.
Adibidea. Notarioaren aurrean agertzen da norbait, beste baten izenean, baina ordezkaritza hori ahalordearen bitartez egiaztatu gabe (hau da, hitzezko mandatari  gisa). Ordezkatuak, geroko agiri publikoaren  bitartez, berretsi egin beharko du mandatariak jardunikoa, eskritura zein notariok eskuetsi eta notario horren aurrean, edo, bestela, beste notario baten aurrean. Berrestea da berreslearen izenean beste norbaitek egin duena baieztatzea.

berriztatzea

Aurreko betebeharra geroko betebeharrarekin ordeztu edo azkentzea, aurreko hori baliorik gabe utziz.
“Berriztatze” hitzaren ohiko esangurari erreparatuta, berriztatzea da hipoteka-maileguaren kontratua aldaraztea, besteak beste, korritu-tasa, epea edota komisioak aldatzeko, aldarazpen hori eskritura publikoan  jasotzen dela. Dena den, esanahi juridiko hertsiari erreparatuta, kontratuaren aldarazpen guztiak berriztatzeak dira.

besterenduezina

Ondasuna edo eskubidea halakoa da, ezin denean legearen arabera eskualdatu, ez laga, ez saldu.
Adibidea. Erabiltzeko eskubidea eta biztantzeko eskubidea ezin zaizkio inori eskualdatu, inolako tituluren bitartez, besterenduezinak baitira, Kode Zibilak beren-beregi hala ezarrita.

besterentzea

Egintza juridiko horren bitartez, norbaitek bere gauza baten gaineko jabetza edo eskubidea eskualdatzen dio beste norbaiti edo norbaitzuei, inter vivos.
Adibidea. Ondasun higiezina besterentzeko moduak dira, besteak beste, hori saltzea, dohaintzan ematea edota beste ondasun batekin trukatzea.

bete beharrekoa izatea

Bete beharrekoak dira, besteak beste, organo eskudunak emandako aginduak  nahiz mandatuak.

betearazpena / betearaztea

Hildakoaren testamentu-xedapenak betetzeko egintza; egintza hori burutuko dute horretarako ardura dutenek.

betebeharpekoa, beste batzuekin batera

Beste batekin edo batzuekin batera, betebeharra bete behar duen zorduna.
Adibidea. Ezkontideek sinatutako hipoteka-maileguan, eskuarki biak batera izango dira zordunak, eta, beraz, biek batera izango dute ordainketa egiteko betebeharra.

betebeharra

Esangura juridiko orokorrean, betebeharra da pertsona fisikoak nahiz juridikoak zerbait eman beharra izatea, zerbait egin beharra izatea edo zerbait ez egiteko beharra izatea; hori bete ezik, auzitegietan betetzea galda daiteke.
Betebehar morala bestelakoa da, hori ezin baita galdatu. Betebehar morala da, esate baterako, gurasoari hilzorian dagoela eman zaion hitza.

bidegabeko eralgitzea

Jabetza publikoaren aurkako delitua da. Agintariek edo funtzionarioek delitu hori egiten dute, euren ardurapeko ondasun publikoak ostu egiten dituztenean, edo beste norbaitek halakoak ostea onartzen dutenean.

bide(-)zorra

Finka edo landaren bat beste finka edo landa batzuen artean kokaturik badago, herri-biderako irteerarik gabe, haren jabeak eskubidea du, alboko landotatik bidea galdatzeko; horretarako, aurretiaz kalte-ordain egokia eman behar du. Gozatzeko eskubide erreal horri bide-zor deritzo, eta luze eta sakon dago araututa Kode Zibilean.
Euskal Herriko Foru Zuzenbide Zibilari buruzko Legeak, bestalde, honako erregela hauek ezartzen ditu, Bizkaiko lurraldean, bide-zorrari buruz:
- Bide-zorra eskuratzen da, tituluaren bidez nahiz hogei urteko preskripzioaren bidez.
- Lur nagusiaren jabeak, kalte-ordain egokia emanez gero, galda dezake bide-zorrari zabalera handiagoa ematea, lur horren beharrizan guztiak asetzeko besteko neurrian.
- Bide-zorrean, lur nagusiaren jabeak ahalmena du, bere kontura irmotze-obrak egiteko, horiei egoki baderitze bide-zorra hobeto erabili ahal izateko; horretarako, aurretiaz jakinarazpena egin beharko dio zortasunpeko lurraren jabeari.

bindikatu

Norbaiten ondasunak berreskuratzea.

biziaren gaineko testamentua

Testamentu horretan,  testamentugileak  onartzen du, gaixotasun sendaezina izanez gero, bere bizia bitarteko artifizialekin ez luzatzea; horrekin batera, bera lurperatzeko eta errausteko aginduak ematen ditu, baita erlijio-laguntza antolatzeko ere.
Ez da zuzena esatea agiri hori “testamentua” denik, egiazko testamentuak bestelako edukia baitu. Egin-eginean ere, hobe da beste izenen bat ematea, eta horixe egin dute, hain zuzen ere, legeria desberdinek, haren arauketa ezarri dutenean.

bizien arteko dohaintza

Dohaintza  hori nork egin eta hura bizirik dagoela da eragingarria; horrez gain, ezeztaezina ere bada.

bizi(-)fedea

Agintaritza eskudunak luzatutako ziurtagiria da; ziurtagiri horretan agertzen da pertsona jakin bat bizirik dagoela, ziurtagiri hori luzatzeko unean.

bizkaitar foruduna

Bizkaiko auzotasun zibil foruduna duena. Infantzoia.

bizkaitar forugabea

Bizkaiko auzotasun zibil forugabea duena.

botere betearazlea

Estatua gobernatzeko eta legeak betearazteko ardura duen agintea.
Estatuaren edo nazioaren gobernua.

botere judiziala

Herrialde demokratikoetan, horixe da estatuaren lurralde osoan Justizia Administrazioaz arduratzen den agintea.

botere legegilea

Legeak egiteko nahiz eraldatzeko eskubidea eta ahala dituen agintea.
Herrialde demokratikoetan, Parlamentuak edo Biltzar Legegileak du botere legegilea.

Konekta zaitez