Bilatu
A B C D E F G H I J K L M N Ñ O P Q R S T U V W X Y Z
Aldaketa edo definizio berria iradoki nahi baduzu, komunika iezaiozu, mesedez, zerrenda administratzeko ardura duenari.

abala

Hirugarrenak emandako merkataritza-bermea, osoa nahiz zatikakoa; berme horren ondorioz, hirugarrenak kreditua ordaintzeko edo betebeharra betetzeko konpromisoa hartzen du bere gain. Fidantza osoa edo zatikakoa ematearen parekoa da.
Adibidea.Mailegu pertsonaletan nahiz hipoteka-maileguetan, maiz-sarri eskatzen da, zordunarekin batera, hirugarrenak ere bere sinadura jartzea, eragiketaren gaineko abala emanez; halakoetan, zordunak ordaindu ezik, erakundeak abal-emaileari egin ahal dio erreklamazioa. Zernahi gisaz, abal-emailea ez da zorduna; hori dela eta, azkenean berak ordaindu behar badu, gero zordunari erreklamatu ahal izango dio ordaindutakoa.

abintestato(-)

Hitzez hitz: “testamenturik gabe(ko)”.
Abintestato jaraunslea da, testamentuan jaraunslea izendatu ez denerako, legeak ezarritako pertsona (edo pertsonak). Norbait abintestato jaraunsle izendatzeko, nahitaezkoa da abintestato jaraunsleak adierazteko espedientea  formalizatzea, notarioaren bidez edo epailearen bidez, izendatuak hildakoarekin zein ahaidetasun duen kontuan hartuta.
Adibidea. Gurasoa hiltzen bada ezkonduta eta seme-alabekin, baina testamenturik egin gabe, notarioarengana jo behar da, eta jaraunsleak adierazteko nabaritasun-akta egiletsiko du notario horrek. Haatik, norbait testamenturik egin gabe hiltzen bada, eta bere ahaiderik hurbilena neba edo arrebaren bat bada, edo lobaren bat, espedientea epaitegian formalizatu beharko da.

abintestato(-)jaraunslea

Horri “jaraunsle legitimo” ere deitzen zaio, baina ez da nahasi behar senipartearekin (gaztelaniazko “legítima” horrekin), guztiz desberdinak baitira. Senipartea da herentziaren zati bat, testamentua dagoenean; hildakoak ezin du herentziaren zati hori xedatu edo banatu, erreserbatu egiten zaielako senipartedunei edo nahitaezko jaraunsleei. Jaraunsle legitimoa edo abintestato jaraunslea, ordea, jaraunsle da, testamenturik ez dagoenean.
Hortaz, bera da, testamenturik ez dagoenean, lege-aginduz herentzia jasotzen duena.

abintestato(-)jaraunsleei buruzko adierazpena

Norbait testamenturik egin gabe hiltzen denean, edo, edozein arrazoi dela medio, haren testamentua deuseza nahiz eragingabea denean, hildakoaren jaraunsleak nor diren jakiteko, prozedura judizial hori edo notario-prozedura hori egin behar da.
Adibidea. Abintestato jaraunsleei buruzko adierazpena notario-aktaren bidez egiten da, jaraunsleak hildakoaren ondorengoak, aurrekoak edo ezkontidea direnean. Gainerako kasuetan, espediente judiziala bete behar da.

administratzailea

Bera bakarrik edo beste pertsona batzuekin batera, ondasun jakin bat edo ondare osoa administratzeaz arduratzen den pertsona.
Mota askotako administratzaileak daude, eta mota bakoitzak bere arau bereziak ditu: sozietateetako administratzaileak; gurasoak, seme-alaba adingabeen ondarea administratzen dutenean (guraso-ahala); albazeak, herentziari dagokionez; tutoreak, epaiketan ezgaituak izan direnen ondareari dagokionez etab.

agerkai publikoa

Notarioak, alderdi interesdunak hala eskatuta, eskuetsitako agiri publikoa; agiri horrek egitate, egintza edo negozio juridikoa barruratzen du, eta, ondorenez, protokoloan jasota geratzen da. Agerkai publikoak dira eskritura publikoa eta notario-akta.

agerraldia / agertzea

Nork bere burua notarioaren aurrean aurkeztea, eskritura egilesteko
Agerraldia, halaber, agiri publikoaren zatietatik bat da; zati horretan azaltzen da notarioaren aurrean nor agertu den fisikoki, horren datu pertsonalak, egoitza eta nortasun-agiria aipatuz. Zati horren ondoren, “parte-hartzea” izeneko zatia jasotzen da; zati horretan aipatzen da agertzaileak bere izenean diharduen (bere kabuz) edo beste inoren izenean (ahalduna izateagatik; sozietatearen edo seme-alaben ordezkari izateagatik; alkate izanik udalaren ordezkari izateagatik etab.).

agindeia

Norbaiti egindako oharra, adierazpena edo galdera, egintza jakin bat burutu dezan edo ez dezan burutu.
Notarioaren bidez eginez gero, aktan  formalizatzen da.
Adibidea. Norbaiti agindeia egiten zaio, errentamenduaren ordainketan atzeratu denez gero, atzerapen horiek ordain ditzan. Notario-aktaren bidez formaliza daiteke agindeia, eta, horrela, notarioa bera etxebizitzara joango da eta forma egokian egingo dio agindeia pertsona horri. Horrez gain, agindei pribatuak egin daitezke burofax edo posta bidez, bai eta prozesuan bertan ere, agindei judizialaren bidez.
Azken finean, agindeia norbaiti egindako intimazioa da; intimazio horren ondorioz, jasotzaileak jokabide zehatza izan behar du (zerbait ordaindu, jokabideren bat burutu ez, lekua utzi, zerbait egin…), eta hori notario bidez formaliza daiteke edo ez.

agindua

Agintari eskudunak emandako manamendua, preskripzioa, betiere obeditu beharrekoa.

agiri pribatua

Alderdi interesdunek egindako agiria, notarioaren edo funtzionario publiko eskudunaren parte-
-hartzerik gabe. Agiri pribatuak ondorio juridikoak sortzen ditu legearen arabera, eta agiriaren sinatzaileek bete egin behar dute euren gain zein konpromiso hartu eta konpromiso hori berori. Agiri publikoarekin gertatu aldera, agiri pribatuan ez dago fede publikoa ematen duen funtzionariorik.
Ñabardurak egin badaitezke ere, esan beharra dago agiri sinatu guztiak agiri pribatu direla, agiri publiko ez badira behinik behin.
Adibidea. Esate baterako, agiri pribatuak dira ibilgailua edo makineria erosteko agiriak. Orobat, agiri pribatua izaten da, sarri, etxebizitza eskuratzeko sinatzen den agiria; agiri horretan, erresak ituntzen dira, behin betiko eskritura publikoa formalizatu baino lehenago.

agiri publikoa

Notarioak edo funtzionario publiko eskudunak eskuetsitako agiria; agiri horrek fede ematen du bertan deskribatutako egitateei buruz, legeak agindutako formalitateekin bat etorriz.
Agiri publikoak lege-ondorioak ditu, eta lege-ondorio horiek agiri pribatuarenak baino handiagoak dira; horixe ezartzen dute epaiketako nahiz epaiketatik kanpoko arauek. Agiri publikoak segurtasun handiagoa ematen duenez gero, nahiz formari dagokionez, nahiz edukiari dagokionez, bera da egokia, jabetza-erregistroetan eta merkataritza-erregistroetan inskripzioak egiteko.
Adibidea. Agiri publikoak dira eskritura publikoak eta notario-aktak, eta, orobat, esku-hartutako polizak, ebazpen judizialak edota erregistratzaileen ziurtagiriak (ikus Prozedura Zibilaren Legeko 317. artikulua).

ahaidetasun(-)gradua

Bi pertsonen arteko ahaidetasunari dagokionez, hurbiltasuna edo urruntasuna.
Kode Zibilaren arabera, ahaideen arteko distantzia graduen bitartez zehazten da. Belaunaldi bakoitzak gradu bat osatzen du.
Zuzeneko lerroan, gradu bat zenbatzen da belaunaldi bakoitzeko. Horrela, seme-alabak lehenengo graduko ahaideak dira gurasoei begira, eta bigarren gradukoak, aitona-amonei begira.
Alboko lerroan, bi pertsonen arteko ahaidetasun-gradua zehaztu nahi denean, horietatik batarengandik hasi eta igo egin behar da, bi-bien aurreko erkidea bilatu arte, eta, gero, jaitsi egin behar da, bestea bilatu arte. Horrela, neba-arreben artean bi gradu daude (hau da, neba-arrebak bigarren graduko albokoak dira); izan ere, lehenengo igo egin behar da, aurreko erkidea (gurasoa) bilatu arte, eta, gero, jaitsi behar da, beste neba edo arreba bilatu arte. Odoleko osaba edo izebaren (hau da, gurasoaren neba edo arrebaren) eta ilobaren artean, hirugarren graduko ahaidetasuna dago: aurreko erkidea osaba edo izeba horren gurasoa da, hau da, ilobaren aitona edo amona; behin hori aurkituta, jaitsi egin behar da, ilobaren gurasoa bilatu, eta, azkenik, iloba bera aurkitu arte.
Eta, esate baterako, aitona edo amonaren neba edo arreba eta aitona edo amona horren bilobaren artean, laugarren graduko ahaidetasuna dago: birraitona edo birramona (aurreko erkidea), aitona edo amona, gurasoa eta biloba.
Ahaidetasunak eragina du hainbat arazo juridikotan, kasurako, jaraunsle izateko eskubidean; izan ere, abintestato oinordetzan, jaraunsle izateko eskubideak ez du laugarren gradua gainditzen.

ahalduna

Lege-mandatu izeneko kontratuaren bitartez, ahaldunak beste norbait ordezkatzen du eta horrexen izenean nahiz interesean dihardu.
Ahalordeak notario-eskriturak izaten dira eskuarki, eta halakoen edukia ahalorde-emaileak nahi duenaren araberakoa izaten da: ahalorde-emaileak ahalordea eman diezaioke beste norbaiti, ulerbidez, bere ondare osoa kudeatzeko, edo, besterik gabe, bere unibertsitate-titulua jasotzeko. Auzietarako ahalordeak abokatu eta prokuradoreei emandako ahalduntzeak dira.

ahalordea

Beste norbaiti ematen zaion ahalmena edo baimena, horrek egintza juridiko  eta material zehatz batzuk bete eta betearaz ditzan.
Ahaldunak ez dauka zertan ahalordea onartu, hori ahalorde-emailearen alde bakarreko negozioa baita. Are gehiago, gerta daiteke ahaldunak ez jakitea berari ahalordea eman zaionik; egin-eginean ere, nahikoa da ahalorde-emailea notarioaren bulegora joan, eta, bertan, ahalorde hori egilestea.
Ahalorde-emaileak  ahalordea ezezta dezake, geroago beste eskritura bat eginez; hori gertatuz gero, aurrekoa ondoriorik gabe geratuko da.
Gaur egun, ezeztapenak Ahalorde Ezeztatuen Notario Agiritegian agerrarazten dira, SIC izenekoaren barruan; barruko sistema hori baliatuta, edozein notariok egiazta dezake ea berari aurkeztutako notario-ahalordea indarrean dagoen une horretan, edo, alderantziz, ezeztatuta dagoen, eta, ondorenez, eragingabea den.
Adibidea. Prozesuko ordezkaritza-ahalordea. Edo etxebizitza saltzeko ahalordea, edo titulu akademikoa batzeko ahalordea, edo herentziaren banaketa egiteko ahalordea etab. Edukia, bistan denez, anitz oso izan daiteke.

ahalorde(-)emailea

Beste norbaiti ahalordea  edo ahalmenak ematen dizkiona, hura epaiketan nahiz epaiketatik kanpo ordezka dezan, edozein negozio nahiz egintzatan.

Aiarako Forua

Zuzenbide pribatuko erregela juridikoen multzo horrek antzinako usadioak eta ohiturak barruratzen ditu, Aiarako lurrean halakoak bete izan baitira aspaldi-aspalditik. Aiarako lur horrek bere barruan hartzen ditu Aiara, Amurrio eta Okondoko udalak, eta, Artziniegako udaletik, Mendieta, Erretes Tudela, Santa Koloma eta Soxoguti auzoak, eta lur horretan auzotasun zibila dutenei aplikatzen zaie. Aiarako Foruaren ezaugarri nagusiak bi dira. Alde batetik, testamentua egiteko askatasuna erabatekoa da; horrek esan nahi du askatasunez xedatu ahal direla ondasun guztiak, horretarako edozein titulu baliatuta, betiere nahitaezko jaraunsleak baztertuz. Eta, beste alde batetik, podere osoko gozamena aipatu behar da; horrek titularrari ematen dio, gozamen-eskubideari berezko zaion edukiaz gain, ondasun guztiak edo batzuk doan, inter vivos nahiz mortis causa xedatzeko ahalmena, betiere gozamena nork eratu eta eratzaile horren seme-alaba nahiz ondorengo guztien, batzuen edo baten mesederako. 

aitortutako borondatea

Eskubideen subjektuak askatasunez eta legeak ezarritako formarekin adierazitako borondatea.

akta

Idatzizko agiri horretan agerrarazten da biltzar, kongresu, bilkura, ikustaldi judizial nahiz orotariko bileretan gertatutakoa, baita halakoetan hartutako akordio edo erabakiak ere.
Aktak ez dira nahitaez notario-agiri publikoak; aktak pribatuak ere izan daitezke: jabeen erkidegoenak, sozietate bateko administrazio-kontseiluarenak nahiz batza orokorrarenak, elkarte batenak, partidetan arbitroak egindakoak etab.

aktiboa

Pertsona fisikoak nahiz juridikoak dituen ondasun eta eskubideen multzoa, halakoak materialak izan zein izan ez.

alarguna

Hildakoarekin ezkonduta egon dena. Dela legeria zibil erkidean, dela foru-legeria zibilean, alargunari zenbait eskubide aitortzen zaizkio: batzuk, heriotzaren ondorioz ezkontza desegin eta likidatu behar denez gero, eta desegindako ezkontza horren araubide ekonomikoan alargunak partaidetza duenez gero, partaidetza hori ordaintzeko; beste batzuk, legez aitortuta dituen oinordetza-eskubideak ordaintzeko; eta bestelako eskubideak ere (mantenua…).

albazea

Testamentugileak edo epaileak hala aginduta, hildakoaren azken nahia betetzeaz, eta, jaraunsleen artean haren ondasunak banatu arte, ondasun horiek zaintzeaz arduratzen den pertsona.
Albazea herentziaren “defendatzailea” da; ondarea iraunarazten du, horrek kalterik edo galerarik izan ez dezan; eta, horrekin batera, kausatzailearen eskubideak defendatzen ditu. Albazeak, esaterako, auzia jar dezake finkan baimenik gabe sartzen den auzokidearen kontra; errenten ordainketa erreklama dezake edo betebeharrak betetzen ez dituena bota dezake; alderdia da jabetza kentzeko espedienteetan nahiz bestelakoetan; kausatzailearen mesederako kontratuak betearaztea erreklama dezake (adibidez, kausatzaile horrentzat obra edo zerbitzuren bat gauzatu behar denean); orobat, testamentuan jasotako agindu edo klausula guztiak betearazten ditu etab.
Albazea unibertsala edo banakakoa izan daiteke; lehenengo kasuan, lege-ahalmen guztiak ditu, eta bigarrenean, berriz, horietatik batzuk bakarrik.

aldebiko kontratua

Kontratu horretan, alderdiek elkarrekiko betebeharrak hartzen dituzte. Alderdi batek kontratua urratzen badu, besteak askatasuna du berari dagokiona betetzeko. Salerosketa edo trukaketa, berbarako, aldebiko kontratuak dira.

alkar-poderosoa

Bizkaiko Foruaren arabera, ezkontideek, ezkondu aurretik eta gero ere, elkar izenda dezakete komisario, ezkontza-itunetan nahiz oinordetza-itunetan. Bizkaian, ezkontideek elkar komisario izendatzeari «alkar-poderoso» deitzen zaio. Aukera hori Euskal Autonomia Erkidegoko foru-
-zuzenbide zibilaren oinarrietatik bat da, horren bitartez alarguntasun-eskubidea indartu daitekeelako eta familia behar bezala antola daitekeelako. Hortaz, espeziea da, “komisario bidezko testamentua” generoa izanik.

altxor publikoa

Estatu, nazio, probintzia edo udalaren herri-altxorra.
Estatuak, nazioak, probintziak edo udalak bere beharrizanak asebetetzeko dituen ondasunen multzoa.

amortizazioa /amortizatzea

Zorra gutxika-gutxika urritzea, maileguan hartutako kapitala aldian-aldian ordainduz.
Adibidea. Hipoteka-maileguetan nahiz mailegu pertsonaletan, kuota bakoitza mistoa izan ohi da: zati bat korrituei dagokie, eta bestea, berriz, amortizazioa da, alegia, kasuan-kasuan itzultzen den mailegu-zatia.

antolamendu juridikoa

Estatuko arau  juridikoen multzoa. Estatu deszentralizatuetan, antolamendu desberdinak izan daitezke aldi berean: estatuarena, autonomia-erkidegoenak etab.

aplikazio(-)eremu pertsonala

Legeak lurralde jakin batean eta pertsona zehatz batzuei aplikatzen zaizkie. Horregatik, aipatu esamoldeak erantzuna eman nahi dio honako galdera honi: nori aplikatzen zaio legeria zehatza?
Galdera horri erreparatuta, Bizkaiko Forua aplikatzen zaie bizkaitar forudun guztiei, hau da, lurralde forudunean euren auzotasun zibila dutenei. Lurralde forudun horrek bere barruan hartzen du Bizkaiko lurralde historiko osoa, salbu eta Balmaseda, Bermeo, Durango, Ermua, Gernika-Lumo, Lanestosa, Lekeitio, Markina-Xemein, Ondarroa, Otxandio, Portugalete eta Plentzia hiribilduen zati forugabea, Urduñako ziutatea eta Bilboren egungo udalerria. Horren ondorioz, bizkaitarrak dira Bizkaiko udalen batean auzotasun administratiboa duten pertsona guztiak; baina, bizkaitarrak izanik ere, guztiek ez dute Bizkaiko auzotasun zibil foruduna, alegia, guztiak ez dira bizkaitar forudunak. Horrela, bizkaitar forudunak Bizkaiko Foruaren mende daude; egia esateko, bizkaitar forugabeei ere foru-arau zibil batzuk aplikatzen zaizkie (adibidez, testamentu mankomunatua eta komisario bidezko testamentua egin ditzakete, foruaren xedapenekin bat etorriz). Bizkaiko Forua aplikatzen zaie, halaber, Arabako Laudio eta Aramaio udaletan auzotasun zibila dutenei.
Bestalde, Aiarako Forua aplikatzen zaie lur horretan auzotasun zibila dutenei. Zehatz esateko, Aiarako lurrak bere barruan hartzen ditu Aiara, Amurrio eta Okondoko udalak, eta, Artziniegako udaletik, Mendieta, Erretes Tudela, Santa Koloma eta Soxoguti auzoak.
Bukatzeko, Gipuzkoako Forua aplikatzen zaie lurralde historiko horretan auzotasun zibila dutenei, baldin eta lurralde horretan baserriaren titularrak badira.

arantzela

Profesional jakin batzuek, hala nola, notarioek, erregistratzaileek eta auzitegietako prokuradoreek, euren zerbitzuak emateagatik jasotzen dituzten ordainsariak edo zerbitzu-sariak; agintaritza eskudunak finkatzen ditu halakoak.

araua

Nahitaez bete beharreko erregela.
Mandatu edo agindu juridikoa.
Adibidea. Arauak dira, besteak beste, legeak, erregelamenduak edota ministro-aginduak.

artikulua

Idazki juridikoaren (esaterako, legearen edo erregelamenduaren) zatietatik bakoitza; zati horiei hurrenez hurreneko zenbakiak jartzen zaizkie.

askatasun zibilaren printzipioa

Printzipio hori Euskal Autonomia Erkidegoko foru-zuzenbide zibilaren tradizioari lotuta dago, eta foru-legeetan nahiz -ohituretan islatzen da, bai eta haien agiri eta aurrekarietan ere. Printzipio horren arabera, legeak esku-emaileak direla ulertzen da, alegia, legeak ez dira ezartzen aginduzko zuzenbide gisa; aitzitik, legeak herritarren eskura jartzen dira, eurek hala nahi badute, erabil ditzaten. Ildo beretik, legeen ondoriozko eskubideei uko egitea baliozkoa da, hori interes edo ordena publikoaren aurkakoa ez den heinean, eta hirugarrenari kalte egiten ez dion neurrian.

ateratze(-)oharra

Notarioak sinatutako ohar laburra. Notarioak, kopia eskuetsia ematen duenean, matrizean  egiten du ohar hori, eta bertan jasota geratzen da zein datatan eta nork eskatu duen kopia, bai eta berori luzatu izana ere.

atzera(-)eraginezko ondorea

Legeek eta, oro har, arauek atzera-eraginezko ondorea dutela ulertzen da, aldarrikatze-data baino lehenagoko egitate eta egoerei aplikatzen zaizkienean.
Erregela orokor gisa, arauek ez dute atzera-eraginezko ondorerik: estatu modernoetan, segurtasun juridikoaren ondorioz, oinarrizko printzipioa da pertsonen jokabideari aplikatzea unean-unean indarrean dauden arauak, ez, ordea, geroago ematen direnak. Hala eta guztiz ere, zigor-zuzenbidean gerta daiteke arau berriren batek atzera-eraginezko ondorea izatea, erruztatuarentzat araubide onuragarriagoa ezartzen duelako: kasu horretan, arau hori aplikatuko zaie aldarrikatze-data baino lehenagoko egoerei.
Adibidea. Asegururik gabe gidatzea ordena publikoaren aurkako falta zen, eta, gero, arau-hauste administratibo bilakatu da; horregatik, izapidetzan dauden kasuei edo dagoeneko epaitutakoei arau berria aplikatzen zaie, hori onuragarriagoa delako.

atzera(-)eskuratzea

Pertsona jakin batzuek lehenespenez eskuratzeko duten eskubidea; eskubide hori baliatuta, saldutako ondasunak berreskuratu ahal izango dituzte, horien prezioa ordainduz gero.
Atzera-eskuratzea eroslehentasunarekin konbinatzen da. Eroslehentasuna da, izatez, ondasunak eskuratu ahal izatea, horiek saldu baino lehenago; atzera-eskuratzeak, berriz, ahalbidetu egiten du ondasunok erostea, behin horiek salduta daudenean.
Adibidea. Etxebizitza saldu nahi bada eta bertan errentaria badago, errentari horrek eroslehentasuna du, hau da, salmentaren aurretik etxebizitza eskaini behar zaio errentariari, berak erabaki dezan, etxebizitza eskuratu nahi duen ala ez. Eskubide hori errespetatzen ez bada, errentariak atzera-eskuratzea egikari dezake, alegia, dagoeneko salduta dagoena eros dezake.
Beste kasu batzuetan, atzera-eskuratzea bada izan, baina eroslehentasunik ez: ondasun-erkidegoetako titularkideen artean, atzera-eskuratzea bada izan, eta, ondorenez, titularkideetatik batek bere kuota indibisoa saltzen badu, gainerakoek atzera-eskuratzeko eskubidea dute, hirugarrenaren aurretik eurek kuota hori eskuratzeko; betiere, hirugarrenari ordaindu beharko dizkiote, horrek dagoeneko kuota erosi duenez gero, gastu guztiak eta berak ordaindu duen prezioa.
Beste kasu honetan ere, atzera-eskuratzea bada izan: hektarea bat baino gutxiagoko landa-finka saltzen denean, jabe mugakideek atzera-eskuratzeko eskubidea dute.

aurkaratu

Ebazpen judizialaren aurka errekurtsoa jartzea.
Adibidea. Epaiaren baliozkotasuna aurkaratzea.

autoa

Ebazpen judizialen artean, mota zehatz bat. Epaileak prozesuan zehar autoa ematen duenean, horrekin prestatu edo erraztu egiten du behin betiko epaia ematea.

auzi(-)

Prozesuekin eta auziekin zerikusia duena.

auzia

Desadostasuna, liskarra.
Epaileak erabaki beharreko gatazka.
es litigio

auzi(-)paperak

Prozesu judizialari buruzko jardunen multzoa.

auzotasun zibila

Pertsona jakin batzuei euren egoitza dela-eta dagokien egoera zibila. Egoera zibil horrek berarekin dakar, lege pertsonalari dagokionez, legeria zibil erkidea aplikatzea (oinarrian, Kode Zibila), edo, osterantzean, foru-legeria zibiletatik bat. Hortaz, auzotasun zibila ez dator bat auzotasun administratiboarekin, horrek udalerri bati baino ez diolako erreferentziarik egiten.
Auzotasun zibilak berebiziko garrantzia du Bizkaian, Bizkaiko lurraldearen barruan eta gai zibilei dagokienez, bi legeria desberdin daudelako indarrean aldi berean: bata, foru-legeria zibila, Euskal Herriko Foru Zuzenbide Zibilari buruzko 3/1992 Legeak jasotzen duena; eta, bestea, legeria zibil erkidea, Kode Zibilak eta beste lege berezi eta orokor batzuek barruratzen dutena. Auzotasun zibilak dakar, ekarri ere, bata edo bestea aplikatu beharra. Horren ondorioz, bizkaitarrak dira Bizkaiko udalen batean auzotasun administratiboa duten pertsona guztiak; baina, bizkaitarrak izanik ere, guztiek ez dute Bizkaiko auzotasun zibil foruduna, alegia, guztiak ez dira bizkaitar forudunak.

azalpena / azaltzea

Azalpen-zatia.
Agerkai publikoaren zatietatik bat; zati horretan, idatziz zehazturik geratzen dira kasuan-kasuan zein egintza edo kontratu egiletsi  eta egintza edo kontratu horren aurrekariak: ondasunak, zioak eta abarrekoak.
Adibidea. Salmenta formalizatzen denean, eskrituraren hasierako zatian aipaturik geratzen da agertzaileen nortasuna; horrekin batera zehaztu behar da ea agertzaileok euren izenean diharduten edo beste inoren izenean. Behin hori eginda, azalpena edo azalpen-zatia idazten da; horretan aipaturik geratzen dira hurrengoak: zein ondasun higiezin deskribatu eta ondasun horren jabeak saltzaileak direla; saltzaileok ondasun hori nola eskuratu zuten; ea ondasunak zamarik edo errentamendurik duen; eta erkidegoaren gastuak nahiz Ondasun Higiezinen gaineko Zerga ordainduta edo ordaindu gabe dauden etab. Ondoren, xedapen-zatia jasotzen da (hau da, hizpaketak edo egilespena); bertan aipatzen da saltzaileek ondasun higiezina besteretzen dutela prezioaren truk. Prezio hori zein den zehazteaz gain, ordainduta dagoen ala ez argitu behar da. Gainera, gastuak noren kontua diren aipatu beharra dago, eta bestelako itunak ere jasotzeko modukoak izan daitzeke.

azalpen(-)zatia / azaltze(-)zatia

Agerkai publikoaren  zatietatik bat da; bertan aipatzen dira aurrekari, ondasun eta zio guztiak, horiek eragin baitute egintza edo kontratu zehatza egitea.
Salerosketaren kasuan, esaterako, zati horretan deskribatzen dira ondasun higiezina bera, horren erregistro-datuak, Katastroko datuak, errentamenduak, zergak etab.
Erregela orokorra ez bada ere, eskriturak modu askotara idatz daitezkeelako, hauxe esan daiteke: azaltze-zatian aipatzen da zer gertatu den eskritura sinatu baino lehenago, eta xedatze-zatian aipatzen da zer gertatzen den eskrituran bertan. Salerosketaren kasuan, lehenengo zatian esaten da nor den etxebizitzaren jabea eta etxebizitzak zein ezaugarri duen; xedatze-zatian, etxebizitza saldu eta erosi egiten da, prezioa ezartzen da eta gastuak nork ordainduko dituen zehazten da.

azken nahia

Norbaitek, bera hil eta geroko, bere ondasun eta eskubideei buruz testamentuan  egiten duen borondate-aitorpena.

azken nahiaren egintza

Egintza juridiko horren bitartez, ondareari destino zehatza ematen zaio, behin egileslea hil eta gero: azken nahiaren egintza nagusia testamentua izan ohi da. Halako egintzak izendatzeko, mortis causa egintzak esamoldea ere erabiltzen da.

Azken Nahien Erregistroa

Erregistro publiko horretan inskribatzen da testamentuak nahiz azken nahien bestelako egintzak notarioaren aurrean egiletsi  izana.
Notarioak testamentua eskuesten duenean, partea bidaltzen du elkargora, eta elkargoak, berriz, erregistro honetara. Gaur egun, Erregistroen eta Notarioen Zuzendaritza Nagusiak du erregistro honen gaineko ardura. Testamentugilea hiltzean, erregistro honi informazioa eskatzen zaio, hurrengoa jakiteko: ea hildakoak testamentua egin duen ala ez, eta, egitekotan, zein notarioren aurrean. Horrela interesdunek (seme-alabek, jaraunsleek eta abarrekoek) notario horrengana edo haren protokoloa  dutenengana jo dezakete, testamentuaren kopia eskuetsia eskatzeko eta herentziaren izapideak egiteko.

aztertzailea

Notarioen elkargoaren zuzendaritza-batzako kidea.

Konekta zaitez