Bilatu
A B C D E F G H I J K L M N Ñ O P Q R S T U V W X Y Z
Aldaketa edo definizio berria iradoki nahi baduzu, komunika iezaiozu, mesedez, zerrenda administratzeko ardura duenari.

tasatzailea

Tasazioa  egiten duena. Peritua, aditua.

tasatzea / tasazioa

Ondasunaren edo zerbitzuaren balioa nahiz prezioa zehaztea.

testamentu irekia

Testamentu-mota horretan, testamentugileak  bere azken nahia adierazten du notarioaren aurrean, eta, zenbait kasutan, lekukoen aurrean.
Espainian egiletsitako testamentuen artean, %99,99 testamentu irekiak dira.

testamentu itxia

Testamentu-mota horretan, testamentugileak  gutun-azal itxian bere azken nahia deskribatzen du, eta notarioari gutun-azal hori erakusten dio, testamentuaren edukia ezagutarazi gabe.

testamentu mankomunatua edo ermandadeko testamentua

Horixe da agerkai bakar batean bi pertsonak edo gehiagok egilesten dutena, euren ondasunak xedatzeko. Kode Zibilak beren-beregi debekatzen du testamentu-mota hori. Izan ere, legeria zibil erkidean, testamentuaren oinarrizko ezaugarrietatik bat da pertsona batek agerkai bakar batean hori egilestea. Aitzitik, foru-legeria zibil desberdinek onartzen dute testamentu-mota hori. Are gehiago, Euskal Herriko Foru Zuzenbide Zibilari buruzko Legearen 13. artikuluaren arabera, bizkaitar forugabeek ere testamentu mankomunatua egin dezakete (bai eta komisario bidezko testamentua ere), Bizkaiko Foruaren xedapenekin bat etorriz.
Bizkaiko Foru horren arabera, ezkontideek euren ondasunak batera xedatu ahal dituzte, agerkai bakar batean, testamentu mankomunatuaren bitartez edo ermandadeko testamentuaren bitartez; testamentu hori notarioaren aurrean bakarrik egilets daiteke. Era berean, Gipuzkoako Foruari helduta, testamentu mankomunatuaren bitartez, ezkontideek baserriaren gaineko oinordetza antola dezakete, agerkai bakar batean; agerkai horretan, halaber, gainerako ondasunak ere xedatu ahal dituzte. Edozein kasutan ere, testamentu mankomunatu hori testamentu irekia izan behar da, eta nahitaez notarioaren aurrean egiletsi behar da.

testamentu olografoa

Testamentugileak berak modu pribatuan idazten du testamentu hori, eta, behin testamentugilea hilda, egiaztarazi  eta protokoloan  jaso behar da, baliozkoa izan dadin.

testamentua

Egintza juridiko hori, izatez, banakakoa, askea eta ezeztagarria da; horren bitartez, kausatzaileak bere oinordetza arautzen du, jaraunsle bat edo gehiago izendatuz.
Testamentua, ia beti, notarioaren aurrean egiten da, testamentu irekiaren  modalitatea aukeratuta. Dena den, badira beste testamentu-mota batzuk, hala nola, notarioaren aurreko testamentu itxia, testamentu olografoa, testamentu militarra, itsas testamentua eta lekukoen aurreko testamentua; baina horiek guztiak bigarren mailakoak dira.

testamentua betearazi behar duena

Albazea.
Albazea izan ohi da testamentua betearazteko ardura duena; zehatzago esateko, testamentugileak bere testamentuan edo azken nahian zer ezarri eta hori berori betearazteko ardura du albazeak. Orobat, kontulari-banatzaileak ere. Horregatik, maiz-sarri, pertsona bera izaten da kontulari-banatzaile eta albazea. Esangura hertsian, kontulari-banatzailearen eginkizuna da jaraunsle eta legatu-hartzaileen artean erloak egitea, eta bakoitzari berea ematea, nahiz eta haiek banaketarekin ados egon ez.

testamentua egin

Testamentua egilestea, legezko formetatik edozein erabiliz.

testamentua irekitzea

Notarioaren aurrean testamentu itxia irekitzeko eta horri kautotasuna emateko egintza.
Testamentua “itxia” denean, testamentugileak testamentua gutun-azalean sartzen du, eta, lekukoen aurrean, notarioari ematen dio, itxita eta zigilua jarrita; esan ohi da testamentu itxia “ireki” egiten dela, gutun-azala benetan ireki behar delako, behin testamentugilea hilda. Edozein kasutan ere, testamentu-mota hori oso gutxi erabiltzen da. Testamentu gehienak (% 99,9) “irekiak” dira, alegia, notario-eskriturak dira, olograforen bat aurki badaiteke ere.
Testamentua “irekia” denean, ez dago hori “irekitzeko” egintza solemnerik; notarioak ez ditu interesdun guztiak batuko, horiei klausulak irakurtzeko. Haatik, testamentuaren edukia jakiteko eskubidea duenak notarioari eskatu behar dio hori, heriotza-ziurtagiria eta azken nahien ziurtagiria aurkeztuta. Notarioak kopia eskuetsia emango dio, beste edozein eskriturarekin egiten den bezala.

testamentu(-)ahalordea

Norbaitek (ahalorde-emaileak) beste inori (komisarioari) eman diona, bere ondasunak xeda ditzan, bera hil eta gero. Komisario bidezko testamentua da, beraz, komisarioak
testamentu-ahalordea erabilita egiletsi duena.
Bizkaiko Foruan, testamentu-ahalordea ematen bazaio ezkontide ez denari, hori nahitaez notario-testamentuan egin behar da. Alderantziz, testamentu-ahalordea ezkontideari ematen bazaio, orduan, notario-testamentuan egiteaz gain, ezkontzako itunetan edo oinordetza-itunen eskrituran egin daiteke hori.
Gipuzkoako Foruan, testamentu-ahalordea ezkontideari bakarrik eman ahal zaio, eta, hori egiteko, notarioaren aurrean egiletsitako testamentu irekia edo eskritura publikoa erabili behar da; eskritura publikoa izatekotan, hori ezkontzako itunena izan daiteke.

testamentugilea

Testamentua  egiten duena, edo eginda duena.

testamentu(-)oroitidazkia

Testamentugileak, testamentutik kanpo eta garrantzi txikiko xedapenei  buruz (bitxiei buruz, arropei buruz, diruari buruz etab.), bere jaraunsleei edo albazeei  idatziz ematen dien jarraibidea.
Orokorrean, legeak ez ditu testamentu-oroitidazkiak onartzen.

testamenturik gabeko jarauntsia

Herentzia-mota hori gertatzen da, hildako kausatzaileak testamenturik egin ez duenean; jarauntsi horri legearen erregelak aplikatzen zaizkio.

testamenturik gabeko oinordetza

Oinordetza hori lege-aginduz antolatzen da, ez, ordea, testamentu  bidez.

testamenturik gabekoa

Hala deitzen zaio baliozko testamenturik  egin gabe hil denari. 

testamentuzko jarauntsia

Oinordetza hori antolatzen da, testamentugileak  testamentuan  adierazitako borondatearen arabera.

testamentuzko oinordetza

Oinordetza hori antolatzen da, kausatzaileak  egindako testamentuaren arabera.

testamentuzko tutoretza

Notario-testamentuan agindutako tutoretza.
Sarritan, gurasoek seme-alaba adingabeak dituztenean, testamentuan tutore izendatzen dituzte hur-hurreko senideak, izendapen hori beharrezkoa denerako, bereziki, bi gurasoak hiltzen direnerako.

titulu izenduna

Kreditu-titulu  hori pertsona zehatzaren mesederako luzatuta dago, pertsona horren izena agertzen baita agiriaren testuan bertan.

titulua

Agiri juridiko horretan, eskubidea agerrarazten da edo betebeharra  ezartzen da.

tributua

Legez ezarritako diru-betebeharra da; horren ondorioz, herritarrak estatuari ordaindu behar dio diru-kopuru zehatza, zama publikoak eta zerbitzu publikoak iraunarazten laguntzeko.

tronkalitatea

Bizkaiko foru-zuzenbide zibilean, tronkalitatea oinarrizko erakundea da, familia- nahiz oinordetza-zuzenbideko beste erakunde guztietan eragina duelako. Bizkaiko tronkalitatea beste lurralde forudunetakoa baino zabalagoa da. Bizkaian, tronkalitateak bi osagai ditu: osagai pertsonala edo subjektiboa eta osagai erreala edo objektiboa. Osagai pertsonalaz denaz bezainbatean, nahitaezkoa da ondasunen titularraren senide izatea, betiere Lur lauan dagoen onibar bati dagokionez. Hori dela eta, ondasunen titularra identifikatzeaz gain, oina eta senide tronkeroak ere identifikatu behar dira. Bestalde, osagai errealak adierazi nahi du zein ondasuni aplikatu behar zaion tronkalitatea. Bada, tronkalitatea aplikatzeko, ondasuna Bizkaiko Lur lauan kokatutako onibarra izan behar da. Ondasun horiei ondasun tronkal deritze.
Bizkaiko tronkalitatearen helburua da ondarearen familia-izaera babestea. Tronkalitatearen ondorioz, onibarren titularrak horiek xedatu ahal izateko, senide tronkeroen eskubideak errespetatu behar ditu. Hortik ateratzen da tronkalitatea, izatez, xedatzeko askatasunari jarritako muga bat dela; orobat, senide tronkeroek ondasun tronkalak eskuratzeko duten igurikimena ere bada.

trukaketa

Kontratu horren bitartez, bi pertsonak elkarrekiko betebeharra hartzen dute, gauza baten edukitza emateko, beste baten truk.
Trukaketa, izatez, trukea da, aldatzea, alegia.
Trukatzea aldatzea da, esate baterako, ibilgailua eta segalaria elkarrekin aldatzea. Edo liburua eta diskoa elkarrekin aldatzea. Sarritan, ondasun higiezinak elkarrekin trukatzen dira; bereziki, orubea eta etxebizitza trukatzen dira elkarrekin, orubea eskuratu duenaren asmoa izaten baita bertan eraikitzea (orubea eta eraikina elkarrekin trukatzea).
Gerta daiteke, trukaketarekin batera, diruzko konpentsazioa egin beharra, baldin eta trukatutako gauzetatik baten balioa bestearena baino txikiagoa bada. Kasu horretan, balio txikiagoa izatea diruz konpentsa daiteke.

tutorea

Tutoretzan  ari dena.
Gurasoen familiakoa izan daiteke, edo, beste kasu batzuetan, erakunde publikoren bat. Epaileak izendatzen du tutorea.

tutoretza

Erakunde juridiko horren xedea da norbait zaindu, babestu eta ordezkatzea, edo norbaiten ondarea administratzea, pertsona hori guraso-ahalaren mende egon ez eta ezgaitua geratu delako; edo, bestela, adingabeko emantzipatugabea delako eta ez dagoelako guraso-ahala egikaritzeko gurasorik (biak hil egin direlako edo buruko ezgaitasunaren ondorioz nahiz droga-mendetasunaren ondorioz guraso-ahala kendu zaielako etab.).

Konekta zaitez