Bilatu
A B C D E F G H I J K L M N Ñ O P Q R S T U V W X Y Z
Aldaketa edo definizio berria iradoki nahi baduzu, komunika iezaiozu, mesedez, zerrenda administratzeko ardura duenari.

OHZ (Ondasun Higiezinen gaineko Zerga)

Akronimo horrek adierazten du Ondasun Higiezinen  gaineko Zerga (lehen, hiri-kontribuzio deitzen zena).
Tributu  horrek urtero-urtero kargatzen du ondasun higiezinen  balioa; tributuaren zenbatekoa kalkulatzeko, abiapuntu moduan hartzen da etxebizitzak Katastroan duen balioa.

oinordekoa

Beste norbaiten lekuan subrogatzen  dena, eta, ondorenez, beste horri gauzaren gainean zegokion titulartasuna eskuratzen duena.
Beste norbaiten lekuan jartzen dena, horren jarraitzaile gisa.
Mortis causa oinordekoa da, izatez, hildakoaren jaraunsle dena.

Oinordetza eta Dohaintzen gaineko Zerga

Tributu horrek kargatzen ditu jarauntsi  bidez, legatu bidez nahiz dohaintza  bidez lortutako ondare-gehikuntzak.

oinordetza(-)ituna

Kontratu horren bitartez, kausatzaileak eta beraren jaraunsleak antolatu egiten dute lehendabizikoaren oinordetza, eta oinordetza horren baldintzak ituntzen dituzte. Hortaz, oinordetza-ituna nahitaez alde bikoa da, eta, ondorenez, ezeztaezina ere bada. Testamentua, berriz, alde bakarreko egintza da, eta berez ezeztagarria. Legeria zibil erkidean, oinordetza antolatzen da testamentuaren bidez edo legearen bidez; ez, ordea, kontratuaren bidez. Hortik ateratzen da kontratuzko oinordetza ez dagoela onartuta, eta, ondorenez, oinordetza-itunak deusezak direla, salbuespen gutxi batzuk alde batera utzita. Nolanahi den ere, foru-zuzenbide zibil desberdinetan, oinordetza-itunak guztiz garrantzitsuak dira, familia-ondarearen jarraitutasuna bermatzeko.
Bizkaiko Foruan, egilesleen ondasunen oinordetza antola daiteke, ezkontzako itunen bitartez, dohaintzaren bitartez edota eskritura publikoan jasotako itunaren bitartez, titulu unibertsala nahiz banakako titulua baliatuta, kasuan-kasuan hitzartutako modalitate, erreserba, ordezpen, itzulketa-klausula, zama eta betebeharrekin. Egilesleek, halaber, egungo ondasun guztien edo batzuen eskualdaketa antolatu ahal dute, une honetan eragingarri izan dadin, edo heriotza-unea arte atzera dezakete eragingarritasuna.
Bestalde, Gipuzkoako foru-zuzenbide zibilean, baserriaren eta horri dagozkion lurren oinordetza antola daiteke, eskritura publikoan jasotako oinordetza-itunaren bitartez. Egilesleek, horretarako, ezkontzako itunen eskritura erabil dezakete. Oinordetza-ituna baliatuta, baserria eta horri dagozkion lurrak eskualda daitezke unean bertan, edo heriotza-unea artea atzera daiteke horren eragingarritasuna. Baserriaren eta horri dagozkion lurren dohaintza ere oinordetza-ituna dela ulertzen da.

onartugabea

Jarauntsia halakoa da, oraindik ez badute jaraunsleek onartu eta haiei ez bazaie adjudikatu, kausatzailearen  heriotzaren ondoren.

onbidezko ordezpena

Norbait testamentua  egiteko ezgaituta badago, pertsona horren ondasunetan oinordekoa izendatzea da, hain zuzen ere, onbidezko ordezpena.

Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zerga

Tributu horrek kargatzen ditu, alde batetik, ondare-eskualdaketak, horietan kontraprestazioa ematen denean; esaterako, hipoteka-maileguak eratzea, ondasun higiezinen salerosketak (horiei BEZa aplikatzen ez zaienean), obra berriari buruzko adierazpenak, errentamendu-kontratuak, sozietatearen eragiketak (kasurako, sozietatearen kapitala eratzea edo kapital hori gehitzea). Eta tributu horrek kargatzen ditu, beste alde batetik, egintza juridiko dokumentatuak, hala nola, notario-agiriak eta kanbio-letrak.

ondarea

Pertsona fisiko  edo juridikoari  dagozkion ondasun eta aberastasunen multzoa.

Ondarearen gaineko Zerga

Tributu horrek pertsona fisikoen gaineko ondare  garbia kargatzen du, behin muga ekonomiko jakin bat gaindituta.
Ondare garbia da, izatez, norbaiti dagozkion ondasun eta aberastasunen multzoa, behin haren balioa gutxitzen duten zamak eta kargak kenduta.

ondasun ez-tronkalak

A sensu contrario, ondasun tronkalak ez direnak, eta, horrexegatik, tronkalitatearen ondoriozko mugak bete behar ez dituztenak.

ondasun higiezinak

Halakoak ezin daitezke leku batetik bestera eraman, aldez edo moldez euren forma eta izaera aldatu gabe. Ondasun batzuk higiezinak dira, euren izaeraren ondorioz; beste batzuk, berriz, halakoak dira, legeak horixe agintzen duelako, euren destinoa kontuan izanda.
Adibideak: orubeak, etxebizitzak, lokalak, landa- nahiz hiri-finkak, meategiak eta harrobiak, urtegiak…

ondasun higiezinena

Ondasun higiezinei  dagokiena edo horiei buruzkoa.

ondasun higigarriak

Ondasunak higigarriak izan daitezke, euren izaeraren ondorioz edo legeak horixe agintzen duelako.
Izaeraren ondorioz ondasun higigarriak dira leku batetik bestera eraman daitezkeenak, dela berez mugitzen direlako, dela indarrez lekualdatzen direlako.
Lege-aginduz ondasun higigarriak dira, ordea, betebeharrak, eskubideak eta akzioak, baldin eta euren objektu badira gauza higigarriak edo akzio pertsonalaren bidez galda daitezkeen zenbatekoak.
Ondasunak higigarriak dira, edo, osterantzean, higiezinak. Ondasuna nola sailkatu eta horren araberako araubidea aplikatu beharko da.
Adibideak: etxeko altzariak, ibilgailuak, liburuak, margolanak, merkatu-gaiak…

ondasun indibisoak

Pertsona batenak baino gehiagorenak aldi berean izateagatik, indibisoa osatzen duten ondasunak.
Adibidea. Lokala (edo zaldia edo ibilgailua) hiru pertsonena da aldi berean, eta bakoitzak haren gaineko kuota bat du, hain zuzen ere, herenaren bestekoa; heren hori ez da, ordea, ondasunaren zati zehatza, kuota ideala baizik.

ondasun tronkalak

Bizkaiko foru-zuzenbide zibilean, tronkalitatea oinarrizko erakundea da, familia- nahiz oinordetza-zuzenbideko beste erakunde guztietan eragina duelako. Bizkaiko tronkalitatea beste lurralde forudunetakoa baino zabalagoa da. Bizkaian, tronkalitateak bi osagai ditu: osagai pertsonala edo subjektiboa eta osagai erreala edo objektiboa. Osagai pertsonalaz denaz bezainbatean, nahitaezkoa da ondasunen titularraren senide izatea, betiere Lur lauan dagoen onibar bati dagokionez. Hori dela eta, ondasunen titularra identifikatzeaz gain, oina eta senide tronkeroak ere identifikatu behar dira. Bestalde, osagai errealak adierazi nahi du zein ondasuni aplikatu behar zaion tronkalitatea. Bada, tronkalitatea aplikatzeko, ondasuna Bizkaiko Lur lauan kokatutako onibarra izan behar da. Ondasun horiei ondasun tronkal deritze.
Bizkaiko tronkalitatearen osagai bi horiek aintzakotzat hartuta, hauexek dira ondasun tronkalak, betiere horien karia edo jatorria kontuan izanik:
- Ondorengoenganako lerroan, Lur lauan kokatutako onibar guztiak, horiek eskuratzeko titulua edozein izanik ere, nahiz eta arrotzei eskuratutakoak izan.
- Aurrekoenganako lerroan eta albokoenganako lerroan, Lur lauan kokatutako onibar guztiak, baldin eta oinordeko/eskuratzailearen oin erkidearenak izan badira, eta oinordetzaren kausatzaile/eskualdatzailearenak ere bai, azken horrek arrotzei eskuratu dienean barne.
Era berean, ondasun tronkalak dira trukaketa bidez eskuratutakoak, bai eta kostu bidezko beste edozein titulutatik eskuratutakoak ere, baldin eta ondasun tronkalen lekuan subrogatu badira Lur lauan kokaturiko beste ondasun batzuk.

ondasuna

Ondarea, ogasuna, ondasuntza.

ondasunen araubidea

Arau-multzo horrek gobernatzen ditu ezkontideen arteko ondare-harremanak.

ondasunen banantze(-)araubidea

Araubide ekonomiko horretan, ezkontide bakoitzak zenbait ondasun bazituen ezkondu aurretik eta ezkontza bitartean zenbait ondasun eskuratu baditu, ondasun horien guztien gaineko titulartasunari eta ondasunok xedatzeko askatasunari eusten die.
Ondorio praktikoetarako, kasu horretan ematen du ezkontzak ez duela inolako eraginik ezkontide bakoitzaren ondasunei legez aplikatu behar zaien araubidean.

ondazilegia

Gipuzkoako baserriari dagokionez, etxebizitzari erantsitako lur-zatia edo mendia, baserriaren osagaia dena.

ongitze(-)akta

Akta horretan, notarioak, ofizioz edo interesdunak hala eskatuta, zuzendu egiten ditu ez-
-aipatzeak, akatsak edo oker materialak, betiere oinarrizko zatiak aldarazi gabe.

onibarrak

Bizkaiko foru-zuzenbide zibilari helduta, eta tronkalitatearen ondorioetarako, onibarrak dira ondasun jakin batzuen gaineko jabetza eta gozatzeko gainerako eskubide errealak. Ondasunok, izatez, ondokoak dira:
1. Lurzorua eta horren gainean eraiki, landatu edo ereindako guztia. Ondasun higigarriak aurreko horietarako destinatuta badaude edo haiei lotuta, higigarriok ere onibarrak dira, salbu eta, kalterik gabe bereizteko modukoak izanik, bereizita eskualdatzen direnean. Tronkalitatearen printzipioa ez zaie aplikatzen, ordea, banandu gabeko fruituei; landareei, lurzorutik bereizita eskualdatzen direnean; ezta arbolei ere, horiek mozteko besterentzen direnean.
2. Hilobiak elizetan.
Bizkaian, onibarren gaineko jabetza tronkala da, eta, ondorenez, onibarren titularrak horiek xedatu ahal izateko, senide tronkeroen eskubideak errespetatu behar ditu.

onuraduna

Asegurua, pentsioa, errenta edo bestelako onuraren bat jaso duena.

ordainagiria

Agiri horretan, hartzekodunak adierazten du zordunarengandik jaso duela horrek zor zion guztia edo zati bat.
Ordainagiria era askotakoa izan daiteke: agiri pribatua izan daiteke, edo hartu izanaren agiria, edota kontratu konplexu baten klausula (salerosketarena, esaterako, eskritura sinatzean prezio osoa ordainduta dagoenean). Hipoteka ezerezteko eskrituran ere halako klausula bat agertzen da, ezereztea gauzatzen duenak ordainagiria eman, eta, ondorenez, ezereztea onartzen duelako.

ordainean ematea

Negozio juridiko horren bitartez, ondasun zehatza ematen da zorra ordaintzeko, eta, emate horren ondorioz, zorra azkendu egiten da. Emate-betebeharra goitik behera aldatzen da: eskuarki dirua emateko betebeharra dena ondasuna emateko betebehar bihurtzen da.
Adibidea. Tributu-zorra ordaintzeko, pintura baliotsua ematen da, eta, emate horri esker, zorra oso-osorik ordainduta geratzen da.

ordainketa(-)etendura

Merkataria egoera horretan jartzen da, baldin eta ezin baditu bere betebeharrak garaiz ordaindu; ordainketa-etenduraren bitartez, porrot-adierazpena saihesten da, eta, horrela, merkatariak bere hartzekodunekin  zorra itundu dezake.
Erakunde juridiko hori egun ez dago indarrean. Izan ere, arestiko Konkurtso Legeak betearazpen kolektiboko prozesuak bateratu ditu, alegia, ordainketa-etendura eta porrota bateratu ditu, eta, ondorenez, egun erakunde juridiko bakarra dago, hain justu ere, hartzekodunen konkurtsoa.

ordainsaria

Lan egitearen ondorioz edo lanbide liberalean aritzearen ondorioz ordaintzen den diru-kopurua.

ordaintzeko ematea

Negozio juridiko horren bitartez, ondasun zehatza ematen da zorraren zati bat ordaintzeko, baina zor hori ez da guztiz azkentzen; haatik, emandako ondasunaren balioak ez badu zor osoa estaltzen, gaindikina ordaintzeko geratzen da.
Adibidea. Tributu-zorra ordaintzeko, pintura baliotsua ematen da, baina, ordainean ematearen kasuan gertatu aldera, emate horrek ez du zorra azkentzen, eta, pinturaren balioak ez badu estaltzen zor osoa, gaindikina ordaintzeko betebeharrak iraun egiten du.

ordezko notarioa

Jarduneko notario  horrek herri bereko beste notario bat ordezten du, horren bulegoa utzik geratzen denean, edo hura gaixorik dagoenean, edo edozein arrazoiren ondorioz absente dagoenean, baita behin-behinean ere.

ordezpen arrunta

Testamentuko xedapen horren bitartez, zenbait jaraunsle edo legatu-hartzaile izendatzen dira ondoz ondo, lehenengo jaraunslea  edo legatu-hartzailea  ez dagoenerako edo oinordeko bihurtzen ez denerako.
Notario-testamentu gehienetan, ia guztietan, agertzen da ordezpen arrunta: jaraunsleak edo legatu-hartzaileak izendatzen dira, eta, badaezpada, izendatuetatik bat edo batzuk testamentugilea baino lehen hiltzen direnerako, edota jarauntsia nahiz legatua onartu nahi ez dutenerako edo onartu ezin dutenerako, aipatu egiten da nortzuek eskuratuko duten jarauntsia ordezko gisa.
Adibidea. Seme-alabak izendatzen dira jaraunsle, eta, horrekin batera, hauxe agintzen da: seme-alabetatik bat testamentugilea baino lehen hiltzen bada, jaraunsle izango dira lehenago hil den seme edo alaba horren seme-alabak. Beste kasu batzuetan, semerik edo alabarik izan ezik, jaraunsle izendatzen da ezkontidea, eta, ezkontide hori testamentugilea baino lehen hiltzen denerako, ordezko izendatzen dira, esate baterako, testamentugilearen ilobak edo neba-arrebak.

ordezpena / ordeztea

Jaraunslea  edo legatu-hartzailea  izendatzea, izaera bereko beste baten lekuan.

organoa

Norbaitek edo norbaitzuek aginpide eta eskumen zehatzak dituztenean, eremu jakin batean erakunde baten ordezkari moduan jarduteko, horiek organoa osatzen dute.
Adibidea. Notariotzaren Kontseilu Nagusia da, izatez, notarioen artezkaritza-organo gorena.

orri zalantzaezina

Antzinako orri zenbakidun hori erakunde eskudunak editatzen zuen, eta, bertan, notarioak jasotzen zituen berak zein merkataritza-agiri (poliza) esku hartu eta horien guztien
liburu-erregistroko idazkunak. Urtarrilaren 19ko 45/2007 Errege Dekretuak, aldiz, aldarazi egin du notariotzaren antolakuntzari eta araubideari buruzko erregelamendua, eta, eraldaketa hori indarrean jartzeaz geroztik, Merkataritzako Eragiketen Liburu Erregistroak arauketa berria du eta ez dago orri zalantzaezinez osatuta.

orri(-)bazterreko oharra

Erregistro publikoetan, eta, batez ere, Erregistro Zibilean  eta Jabetza Erregistroan,  bigarren mailako idatz-oharra da, idatz-ohar nagusiaren ondoan egiten dena, aldarazpen juridikoak islatzeko.

Konekta zaitez