Bilatu
A B C D E F G H I J K L M N Ñ O P Q R S T U V W X Y Z
Aldaketa edo definizio berria iradoki nahi baduzu, komunika iezaiozu, mesedez, zerrenda administratzeko ardura duenari.

nabaritasun(-)akta

Akta horretan, notarioak egiaztatzen du garrantzi juridikoa duten egitateak ezagunak direla; horretarako, agiriak aztertzen ditu, ikuskapen fisikoa egiten du edo lekukoen adierazpenak entzuten ditu, beste frogabide batzuen artean.
Norbaitek hala eskatuta hasten da nabaritasun-akta deritzon espedientea; zehatzago, notarioari eskaera egiten zaio, horrek adieraz dezan bere ustez egitate jakin bat agerikoa dela, egitate hori ezagutu ahal izan duten pertsonen artean. Uste sendo hori izateko, notarioak komenigarri ikusten dituen frogabide guztiak erabil ditzake, batik bat, agiriak aztertzea edota lekukoen adierazpenak entzutea.
Notarioak ez du eskubiderik aldarrikatzen edo adjudikatzen: hori epaileei dagokie. Haatik, notarioak bere iritzia besterik ez du adierazten, berari aitortu zaizkion egitateen nabaritasunari buruz. Hori bai, iritzi kualifikatua da, eta antolamendu juridikoak lege-ondorioak eratxikitzen dizkio iritzi horri. Horretara, erraz konpon daitezke bestela auzitegietan konpondu beharko liratekeen espedienteak. Labur-zurrean esanda, halako aktak erabilita, lana kentzen zaie organo judizialei, “borondatezko jurisdikzio” deitutako horretan.
Adibideak:
1) Abintestato jaraunsleak adierazteko  nabaritasun-akta: norbait hiltzen bada baliozko testamenturik gabe (ez duelako inolako testamenturik egin, edo egin duena deuseza delako etab.), agiri publikoa behar da, ahaiderik hurbilenak nor diren zehazteko; izan ere, legearen arabera ahaide horiek izango dute jarauntsia jasotzeko eskubidea. Hurbileko ahaideok ondorengoak, aurrekoak edo ezkontidea izanez gero, jaraunsleak adierazteko nabaritasun-akta egiletsiko da, eta, akta horretan, interesdunetatik batek (semeak, alabak, ezkontideak, gurasoak etab.) azalduko ditu heriotzaren inguruko gorabeherak: tokia, data, egoitza, hurbileko senideak etab. Eta, adierazpenak egiteaz gain, agiri egokiak aurkeztuko ditu (heriotza-ziurtagiria, azken nahien ziurtagiria, Familia Liburua, hildakoaren nortasun-agiria etab.). Halaber, lekukoek adierazi beharko dute gorabehera horien berri badutela. Hori guztia kontuan hartuta, notarioak uste badu egitateak nabariak direla, horixe agerraraziko du, eta legearen arabera hildakoaren abintestato jaraunsleak nor diren aipatuko du.
Ahaiderik hurbilenak neba-arrebak badira, edota urrunagoko albokoak, epaileak egin behar du adierazpena.
2) Errealitatetik ateratako adibide gehiago. Nabaritasun-akta erabil daiteke era askotako egitateak egiaztatzeko. Berbarako, adieraz daiteke nabaria dela norbait urte jakin batzuetan Espainian bizi izan dela, atzerrira emigratu aurretik, eta, horrela, pentsioa lor dezake. Bestalde, salerosketari baldintza suntsiarazlea jarri ahal zaio, eta baldintza hori izan daiteke 10 urtetan lokalean biblioteka bat izatea; behin epe hori igarota, egiaztatu behar bada lokalean biblioteka egon izan dela epe horretan zehar, eta, horrela, baldintza hori erregistroan ezereztea lortu nahi bada, nabaritasun-akta egin daiteke.

nahitaezko jaraunslea

Oinordeko horri ezin zaio kendu herentziatik portzio bat, lege-aginduz portzio hori erreserbatuta dagoelako. Portzio horri seniparte  deitzen zaio, eta berori kendu ahal izateko bide bakarra da legez ezarritako jaraunsgabetze-kasuetatik bat gertatu dela egiaztatzea.
Esamoldea gorabehera, nahitaezko jaraunleak edo seinpartedunak bere eskubidea jaso dezake, dela jaraunle-izendapenaren bitartez zuzenean, dela testamentugileak berari horretarako legatua eginez, dela testamentugile horrek, bizirik zegoela, horretarako beste ondasun dohaintzan emanez (eta, ondorenez, dagoeneko haren eskubideak ordainduta egongo dira), dela aukera horiek guztiak neurri batean erabiliz.
Seniparteen ezaugarriak eta horien zenbatekoak oso desberdinak dira, zuzenbide erkidea aplikatzen denean eta foru-zuzenbidea aplikatzen denean.

negozio juridikoa

Autonomia pribatuaren egintza horretan, egilesleek  euren interesak arautzen dituzte, eta legeak ondorio juridiko jakinak eratxikitzen dizkio arauketa horri.
Negozio juridikoen izaera era askotakoa izan daiteke. Egin-eginean ere, ez da gauza bera negozio juridikoa eta merkataritzako esanguran “negozioa egitea", hau da, irabaziak lortzea. Gerta daiteke, haatik, negozio juridikoak irabazteko asmorik ez barruratzea.
Adibideak. Salerosketa, jarauntsia, zorra aitortzea, ahalduntzea, seme-alabatasuna aitortzea, mailegua, sozietatea eratzea, testamentua edo ezkontzako itunak.

notario(-)

Notarioari  dagokiona, berak egin edo eskuetsi duena.

notarioa

Funtzionario publikoa da, eta, lanbidez, baimena du, kontratuen gainean, testamentuen gainean eta epaiketatik kanpoko egintzen gainean fede emateko, horiek gordetzeko eta indarreko legeen arabera kopiak luzatzeko.

notarioak

Espainiako notario  guztien taldea.

notario(-)akta

Notarioak eskuetsitako agiri publikoa da; horren bitartez, notarioak egitate zehatza dokumentatzen du eta horren gainean fede ematen du, egitate hori, beraren izaera dela eta, ezin delako kontratuaren gaia izan.
Errealitatetik ateratako adibideak. Aktan agerrarazten da etxebizitza narriatuta dagoela, obra berria egin dela, kartel edo antenaren bat jarri dela etab. Horretarako, argazkiak ateratzen dira notarioaren aurrean, eta notario horrek fede publikoa emango du, argazkiak eta errealitatea bat datozelako; fede emango du, orobat, argazkiok noiz eta zein ordutan atera, eta horren gainean, egitatea zalantzarik gabe finkatuta gera dadin. Beste mota bateko akta izan daiteke ondokoa: enpresaren autobusa ez da gelditzen langilea batzeko, eta horren fede ematen da akta bidez. Beste adibide bat jarrita, tabernan makina txanponjalea dagoelako fede ematen du aktak.

notario(-)barrunbea

Dekretu bidez ezarrita dago zein den notariotza baten edo batzuen lurralde-eremua, eta horrexeri deitzen zaio notario-barrunbe. Notarioak, notario moduan eta salbuespenik gabe, bere notario-distritoan bakarrik jardun dezake; barrunbeak finkatzen du distrito horrek zein zabalera duen eta zein herri barruratzen dituen.

notario(-)distritoa

Estatuko lurraldearen gune geografikoetatik bakoitza, notarioak bertan bere lanbidea burutu ahal duela. Teorian behintzat, distritoa bat etorri behar da barruti judizialekin; baina batzuetan eta besteetan aldaketa asko gertatu dira, eta, sarri, gaur egun ez datoz bat.

notario(-)elkargoa

Zuzenbide publikoko lanbide-korporazioa da; notarioak korporazio horretara biltzen dira, kasuan kasuko lurralde-esparruan jardute hutsarengatik. Espainian 17 elkargo daude.

notarioen mutualitatea

Notarioen elkartea da; notarioek horretan afiliatzeko betebeharra dute, eta elkarteak notarioei zerbitzua ematen die, pentsio eta diru-laguntzen arloan.
Legez desagertu egin da elkarte hori, eta, gaur egun, notarioek Gizarte Segurantzako Langile Beregainen Araubidean kotizatzen dute.

notario(-)gunea

Notario-distritoa  osatzen duten udalerrietatik bakoitza; halakoak notario baten jardunari eratxikitzen zaizkio modu esklusiboan. Distrito batzuen barruan, guneak daude finkatuta modu ofizialean; beste batzuetan, berriz, ez.

notario(-)ikurra

Notario bakoitzak zeinu erregistratu eta partikular hori jartzen du eskuz, agiri publikoa  eskuesten duen sinaduraren aurretik nahiz ondoren. Notario-ikurra pertsonala da notario bakoitzarentzat, eta adierazi nahi du horrekin batera agertzen den sinadura notarioaren sinadura dela eta notario horrek notario-eginkizunak betetzen diharduela, horrek arautegiaren arabera dituen ondorio juridiko guztiekin.
Notarioak eskrituraren bat sinatzen badu, ez notario gisa, baizik eta beste edozein eratan (erosle gisa, ahalorde-emaile gisa, hipotekatzaile gisa etab.), ez du ikur hori erabiltzen.

notario(-)lekukotza

Agiria osorik nahiz zati batez alderatzea, horren kautotasuna ziurtatzen duenean fede publikoa duten funtzionarioetatik edozeinek.
Adibidea. Nortasun-agiriaren gaineko lekukotza da hori fotokopiatzea, eta notarioak diligentzia luzatzea, bere sinadura eta ikurra jarrita, fotokopia hori agiriaren jatorrizkoarekin bat datorrela baieztatuz, jatorrizko hori begi-bistan izan duelako.

notariotza

Notarioak  zein bulegotan bere lanbidea burutu eta bulego hori.

notariotzako ofiziala

Notariotzako enplegatu horrek jakite teknikoak eta praktikoak ditu, notarioaren zuzendaritzapean agiriak idazteko, eta, orobat, notarioaren aginduetara, notariotzako bulego-lan arruntei aurre egiteko.

notario(-)zuzenbidea

Notario-jarduerari buruzko arau  juridikoen multzoa. Notariotza Legea eta horren erregelamendua dira arau horietatik garrantzitsuenak.

nunkupatiboa

Testamentu hori ahoz eta jendaurrean egilesten da, eta, gero, eskritura publikoaren  bidez, protokoloan jasotzen  da. Legeria jakin batzuek bakarrik onartzen dute testamentu-mota hori.

Konekta zaitez