Bilatu
A B C D E F G H I J K L M N Ñ O P Q R S T U V W X Y Z
Aldaketa edo definizio berria iradoki nahi baduzu, komunika iezaiozu, mesedez, zerrenda administratzeko ardura duenari.

idazkera aitortzea

Agintari edo funtzionario eskudunak agiriaren kautotasuna baieztatzea.

identifikatzea / identifikazioa

Agerkai publikoaren  zatietatik bat da. Zati horretan, notarioak agerrarazten du bere aurrean nor agertu eta horrexen nortasuna.
Agertzaileak identifikatzeko bideetatik bat da haiek nortasun-
-agiri egokiak erakustea (nortasun-agiria, pasaportea, egoiliar-txartela etab.). Beste bide bat da notarioak agertzailea ezagutzen duelako fede ematea. Eta beste bide bat da lekuko batzuk agertzea, lekuko horiek notarioarentzat ezagunak izanik, adierazten badute kasuan kasuko agertzailea ezagutzen dutela.

immatrikulatzea / immatrikulazioa

Horixe da Jabetza Erregistroan finkari buruz egindako lehenengo inskripzioa.
Itxuraz kontrakoa ematen badu ere, finka guztiak ez daude erregistroan inskribatuta. Egin-
-eginean ere, ez da nahitaezkoa finkak inskribaturik egotea. Hirietan, hau da, hiri-finken kasuan (besteak beste, orubeak, etxebizitzak edo lokalak), horiek guztiak inskribatuta egoten dira. Alabaina, herrietan, landa-finka asko izaten dira, baita hiri-finka batzuk ere, eta halakoak sarri ez dira egoten inskribatuta erregistroan, ez delako inoiz beharrezkoa izan inskripzio hori. Izan ere, finka horiek agiri pribatuetan, edo, besterik gabe, ahoz, saldu izan dira beti auzokoen artean, eta, ondorenez, ez dago zalantzarik finkon jabea nor den jakiteko. Nolanahi den ere, gero eta beharrezkoagoa da inskripzioa. Inskripzioa nahitaezkoa da, besteak beste, hipoteka eskuratzeko, horretan inskripzioa ezinbesteko osagaia baita. Bestalde, inskribatu gabeko finkak herritik kanpoko pertsonei ere saltzen zaizkie, eta, halakoetan, erosleek segurtasun juridiko handiagoa galdatzen dute, eta nahiago dute erosketa notario-eskrituran jasotzea eta eskritura hori erregistroan inskribatzea.
Immatrikulatzea da, beraz, finka lehendabizikoz inskribatzea. Horretarako bete behar den prozedura inskripzio arrunta egiteko bete behar dena baino konplexuagoa da. Horrekin bermatu nahi da immatrikulatutako finka guztiz definituta egotea eta Katastroko deskripzio berbera izatea. Horrela, erregistroaren eta Katastroaren arteko koordinazio-printzipioa gauzatuko da.

inbentarioa

Norbaitek dituen ondasun eta eskubideei buruzko zerrenda (eta, hala denean, haren zor eta betebeharrei buruzkoa ere). Zerrenda hori behar besteko ordena eta zehaztasunarekin egin behar da.
Herentzia jaraunsle eta legatu-hartzaileen artean banatu baino lehenago, eskrituran bertan jaso behar da hildakoak utzi dituen aktiboari eta pasiboari buruzko inbentarioa; horrela, hartzeko likidoa zehaztuko da (aktiboari pasiboa kendu eta gero geratzen dena), eta horixe izango da haien artean banatu beharrekoa.

indargabetu

Legeari oso-osorik indarra kentzea.
Hizkera juridikoan, “indargabetu” aditzak adierazi nahi du lege, kode edo erregelamendu bati indarra kentzea eta, beraz, aurrerantzean hura betetzeko beharrik ez izatea.
Hori guztia adierazteko, gaur egun, gaztelaniazko “abrogar” hitza zaharkituta geratu da. Maizago erabiltzen da “derogar” hitza gaztelaniaz.

indarrekoa

Legeak, ordenantzak eta gainerako xedapenak indarrekoak dira, hau da, indarrean daude, aldarrikatu direnetik guztiz edo zati batez indargabetu arte.

indarrik gabe utzi

Legea edo arauetatik edozein baliogabetu, deuseztatu edo alderatzea, geroagoko beste baten bitartez.

infantzoia

Bizkaiko auzotasun zibil foruduna duena. Bizkaitar foruduna.

inoren gauzaren gaineko legatua

Legatu  horren objektua ez dagokio testamentugileari.
Legatu-mota hori egitea onartuta dago, baldin eta testamentugileak, testamentua egiteko unean, jakin badaki legatuaren objektua ez dela berea. Kasu horretan, jaraunslearen betebeharra da objektu edo gauza hori eskuratu eta ematea; eta, hori ezinezkoa baldin bada, legatu-hartzaileari gauzaren zenbatespen zuzena ematea.

inskribatzea / inskripzioa

Erregistro publikoetan, egintza eta agirien idazkunak egitea.
Esangurarik hertsienean, inskripzioa da erregistroko idazkunetatik bat. Izan ere, idazkun-mota desberdinak daude, hala nola, aurreneurrizko idatz-oharrak (enbargoari buruz, demandari buruz etab.) edota orri-bazterreko oharrak (ondasunen gaineko loturei buruz).
Adibidea. Jabetza Erregistroan inskribatzea ondasun higiezinaren gaineko eskuraketa.

inter vivos egintza

Egintza juridiko horrek ondoreak sortzen ditu, egileslea  bizirik dagoen bitartean. Inter vivos egintzak eta azken nahien egintzak aurrez aurre jartzeko modukoak dira.
Adibidea. Salerosketa, hipoteka, notario-akta… inter vivos egintzak dira, horien ondorioak ez baitaude norbaiten heriotzaren mende.

interpelazioa

Demanda. Agindeia.
Epaiketan nahiz epaiketatik kanpo, zordunari egindako agindeia, bete gabe duen betebeharra bete dezan.

intimazioa

Agindu edo manamendu bati buruzko jakinarazpena edo adierazpena.
Adibidea. Norbaiti agindeia eta zitazioa egitea, epaiketan ager dadin.

irabazietan parte hartzeko araubidea

Ondasunen banantze-araubidearen antzekoa da, baina ezaugarri berezi hau du: araubidearen indarraldia bukatzean (ezkontza bukatu delako edo araubidea aldatu delako), etekin gehien lortu duen ezkontideak besteari konpentsazioa eman behar dio, kasuan kasuko proportzioan, biak berdin geratu arte.
Praktikan ez da askorik erabiltzen.

irabazpidezkoa

Senarrak, emazteak edo biek eskuratutako ondasunak  halakoak dira, bi-biei dagozkienean proportzio berean.
“Irabazpidezkoen sozietate” deituriko hori ezkontzaren araubide ekonomikoa da, eta, zehatzago, ordezko araubidea da Espainian “zuzenbide erkidea” aplikagarri duten lurraldeetan, horixe aplikatzen baita, esanbidezko itunik egin ezik.
Araubide horren muina, oinarrian, hauxe da: “ondasun pribatiboak” dira, hau da, ezkontide titularrarenak bakarrik dira ezkondu aurretik orduko berak zituenak, bai eta ezkontza bitartean doan (adibidez, herentzia bidez edo norbaitek dohaintza egin diolako) eskuratu dituenak ere. Zernahi gisaz, ezkontideek, ezkontza bitartean, zenbait ondasun eskuratzen badituzte lanaren ondorioz edo burututako jardueren ondorioz, ondasun horiek “irabazpidezkoak” dira, hau da, bi-biei dagozkie. Ezkontzaren irabazpidezko ondare hori banatu behar denean (ezkontideetatik bat hil delako, dibortziatu egin direlako etab.), bakoitzari edo bakoitzaren jaraunsleei irabazpidezkoen erdia emango zaie.

irabazpidezkoen araubidea

Horri irabazpidezkoen sozietate ere deitzen zaio.
Araubide hori da ohikoena. Bertan, ezkontide bienak dira (hots, irabazpidezkoak dira) ezkontza bitartean eskuratutako ondasun guztiak, ezkontide bietatik edozeinen lanaren ondorioz lortu badira; eta ezkontide bakoitzaren ondasun pribatiboak dira ezkondu aurretik bakoitzak zituenak eta ezkontza bitartean doan eskuratutakoak, herentzia bidez nahiz dohaintza bidez lortu badira behinik behin.

irekitze(-)oharra

Notarioak testu labur hori idatzen du, protokoloaren  hasieran, urtea hastean edo
notario- -bulegoaz jabetzean.

irenspena / irenstea

Enpresen bat-egitea; eragiketa horren bitartez, enpresa irensleak enpresa irentsiaren aktiboak eta pasiboak bereganatzen ditu, desegitea gertatu baino lehen.
Merkataritzako eragiketa hori gauzatzeko, nahitaezkoa da sozietate irenslearen eta sozietate irentsiaren batza orokorrek horretarako erabakia hartzea; eragiketa hori, bestalde, eskritura publikoan jaso eta Merkataritzako Erregistroan inskribatu behar da.

iruzurra

Legearen kontrako egintza hori burutzen da, engainuaren bitartez eta estatuaren kontura edo beste norbaiten kontura, onuraren bat edo irabaziren bat lortzeko asmoarekin.

ituna

Pertsona edo erakundeen arteko hitzarmen, tratatu edo kontratu horretatik zenbait betebehar ateratzen dira, aldebakarrekoak nahiz aldebikoak.
Ituna da, besteak beste, nazioarteko tratatu bat, eta ituna da, orobat, bi pertsonak
salerosketa -eskrituran islatzen dutena, salerosketa horren gastuak nork ordainduko dituen erabakitzeko. Bistan denez, itunaren edukia zabal-zabala da.

itxurazko jaraunslea

Jendaurrean jaraunsle gisa hartzen den pertsona, kausatzailearen ondasunak haren esku daudelako, baldin eta gero benetako jaraunslea ez bada, beste norbait delako jaraunsle legitimoa edo testamentuzko jaraunslea.

itzulketak

Erreserbekin eta seniparteekin gertatzen den bezala, itzulketak ere testamentugilearen askatasunari jarritako mugak dira. Euskal Herriko Foru Zuzenbide Zibilari buruzko Legeak, Bizkaiko lurraldean, bi itzulketa-mota arautzen ditu, eta biek ere eragina dute ondasun ez-
-tronkalen gainean. Alde batetik, aipatu legearen 91. artikuluaren arabera, aurrekoek euren seme- alaba edo ondorengoei ondasun ez-tronkalak eman badizkiete, eta seme-alaba edo ondorengo horiek haiek baino lehen hil badira, ondorengorik utzi gabe, orduan aurrekoak dira ondasunon oinordeko, baldin eta dohaintzan emandako objektuak eurak oinordetzan badaude oraindik; besterendu badira, oinordeko izango dira, dohaintza-hartzaileak ondasun horien inguruan dituen akzio guztietan; eta, saldu badira, prezioan, eta, trukatu edo aldatu badira, ordezko moduan jasotako ondasunetan. Eta, beste alde batetik, aipatu legearen 92. artikuluaren arabera, dohaintza-emaileari itzuliko zaizkio mantenu-zamarekin berak dohaintzan emandako ondasunak, baldin eta dohaintza-hartzailea hil bada, dohaintza-emailea bizirik dagoela, seme-alabarik edo ondorengorik utzi gabe; kasu horretan, dohaintza-hartzaileak ezin izango du, dohaintza-emailea bizirik dagoela, dohaintzan jasotako ondasunak besterendu, zamatu edota xedatu, doan, ez inter vivos ez mortis causa, haren seme-alaba edo ondorengoen mesederako ez bada.

ixte(-)oharra

Notarioak testu labur hori idazten du, protokoloaren  bukaeran, urtea amaitzean, edo, bestela, dekanoak edo ordezkariak idazten du berori, notario-bulegoa hutsik geratzen denean.

izapidea

Kasu edo espediente administratiboa behar bezala ebazteko, hainbat pauso edo eginbide burutu behar dira, eta horietatik bakoitza da, hain zuzen ere, izapidea.

izatezko bikotea, Euskal Autonomia Erkidegoan

Eusko Legebiltzarrak 2003. urteko maiatzaren 7an onetsi zuen Izatezko Bikoteen Legea. Horren arabera, izatezko bikotea da bi pertsonaren arteko elkartze askearen ondorioa; pertsona horiek adin nagusikoak edo adingabeko emantzipatuak izan behar dute, gaitasun osoa izan behar dute, eta ezin dute euren artean lerro zuzeneko odolkidetasunik edo adopzio-senidetasunik eduki, ez eta alboko lerroko bigarren mailako odolkidetasunik ere. Harreman sexual edo afektiboa izan behar dute elkarren artean, eta berdin izango da pertsona horiek sexu berekoak edo desberdinekoak izatea. Gainera, bikoteko kideek, ez batak ez besteak, ezin dute ezkontza edo izatezko bikotearen bidezko loturarik izan beste inorekin ere. Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroan bikotea inskribatzea eratzailea da. Euskal Herriko Foru Zuzenbide Zibilari buruzko Legearen ondorioetarako, izatezko bikoteak ezkondutako bikoteen parekotzat hartuko dira. Horrela, bada, oinordetza-araubideari dagokionez, eta kasuan-kasuan aplikagarri den foru-zuzenbide zibilaren arabera:
- Izatezko bikotekideek hitzartu ahal dute kideetako bat hiltzen denean bizirik dirauenak ondasun erkide guztien gozamena izatea.
- Biek batera ondasun guztiak xedatu ahal dituzte agerkai bakar batean, testamentu mankomunatuaren bidez edo ermandadeko testamentuaren bidez, eta bikotekideek ezeztatu edo aldarazi ahal dute testamentu hori.
- Eta, bukatzeko, testamentuan edo oinordetza-itunean, elkar izendatu ahal dute komisario.

Izatezko Bikoteen Erregistroa, Euskal Autonomia Erkidegoan

Eusko Legebiltzarrak 2003. urteko maiatzaren 7an emandako 2/2003 Legeak, Izatezko Bikoteei buruzkoak, Izatezko Bikoteen Erregistroa sortu zuen. Erregistro horrek garrantzi berezia du, izatezko bikoteen kasuan inskripzioa eratzailea delako. Horixe ezarri da, ezarri ere, honako helburu hau erdiesteko: bikotekideek ez badute nahi, inondik inora, euren burua aipatu legearen mende jarri, euren borondatearen aurka ez zaie aplikatuko lege horretan eskubide eta betebeharrei buruz finkatutako araubidea. Horrela, izatezko bikotea eratu dela egiaztatzeko, bai eta harreman horien ondare-edukia zein den egiaztatzeko ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroak ziurtagiria luzatzen du. Eta, Euskal Herriko Foru Zuzenbide Zibilari buruzko Legearen ondorioetarako, izatezko bikoteak erregistro horretan inskribatuta badaude, ezkondutako bikoteen parekotzat hartuko dira.

izendapena / izendatzea

Egintza horren bitartez, notarioari baimena ematen zaio, karguaz jabetu dadin eta herri zehatz batean kargu horretan aritu dadin.

izenduna

Tituluak, banku-agiriak edota merkataritzako agiriak halakoak dira, baldin eta bertan pertsona edo erakunde zehatz baten izena agertzen bada. Bestelakoak dira eramailearentzako tituluak edo titulu zehaztugabeak.

Konekta zaitez