Bilatu
A B C D E F G H I J K L M N Ñ O P Q R S T U V W X Y Z
Aldaketa edo definizio berria iradoki nahi baduzu, komunika iezaiozu, mesedez, zerrenda administratzeko ardura duenari.

hainbanatu

Zenbait pertsonaren artean, kopururen bat proportzioz banatzea, bakoitzak zein zati duen kontuan hartuta.
Adibidea. Zenbait pertsonak elkarrekin negozioren bat badute, bakoitzari negozio horretan dagokion ehunekoa, hurrenez hurren, %50, %30 eta %20koa bada, eta guztien artean zorren bat ordaindu behar badute, orduan ordainketa egingo dute bakoitzak duen ehunekoaren arabera, eta hori izango da, hain zuzen erre, zorra hainbanatzea.

harpidetza / harpidetzea

Sozietatearen kapitalean, akzioak eskuratzea (sozietate anonimoen kasuan) edo partaidetzak eskuratzea (sozietate mugatuen kasuan), horiek zirkulazioan jartzen direnean, bai eraketa-
-unean, bai gerogarrenean sozietate horrek egindako kapital-gehikuntzetan.

hartzekoduna

Betebeharraren betetzea eskatzeko eskubidea duen pertsona fisikoa nahiz juridikoa. Zor den betebehar hori izan daiteke dirua ordaintzeko betebeharra, edo zordunak edozein prestazio betetzeko bereganatu duen betebeharra.

heriotza(-)ziurtagiria

Erregistro zibil  eskudunean heriotzari buruzko inskripzioa egitea eta horren erregistroa alderatzea.
Gaztelaniaz, “partida de defunción” eta “certificado de defunción” sinonimoak dira.

hilburuko testamentua

Testamentua egiteko forma hori berezko zaio Bizkaiko foru-zuzenbide zibilari. Hori baliatuta, hur-hurreko heriotza-arriskuan dagoenak testamentua egilets dezake, hiru lekukoren aurrean, idatziz nahiz hitzez. Testamentu hori eraginik gabe geratuko da, baldin eta, testamentugilea heriotza-arriskutik atera denetik, bi hil igaro badira. Testamentugilea epe horretan hilez gero ere, testamentua eraginik gabe geratuko da, baldin eta, heriotzaren ondorengo hiru hileetan, egiaztarazi ez bada, prozesuko legeek ezarritako moduan. Baldin eta, testamentugilea heriotza-
-arriskutik atera arren, beste testamentu bat egiteko ezgaiturik geratzen bada, egiaztarazte-epea hiru hilekoa izango da, hura egiletsi zenetik. Behin testamentua epaiketa bidez egiaztarazi eta gero, hori notarioaren protokolora bilduko da.

hipoteka

Horren bitartez, betebeharra beteko dela bermatzen da, eta, horretarako, ondasun higiezinaren  gainean zama  ezartzen da. Itundutako betebeharra bete ezik, hipoteka exekutatuko da, hau da, ondasun higiezina jendaurreko enkantean salduko zaio eskaintzailerik onenari, eta salmenta horretan lortutako prezioa erabiliko da hartzekodunari ordainketa egiteko. Ordainketa hori egin ondoren, salmentaren preziotik zerbait geratzen bada, hori ondasun higiezinaren jabeari emango zaio.
Ondasun higiezinen gaineko hipoteka, nahitaez, eskritura publikoan eratu eta jabetza-erregistro eskudunean inskribatu behar da.
Hipotekatzailea izan daiteke zorduna bera, edo, bestela, hipoteka era daiteke inoren zorra bermatzeko. Hipotekatutako ondasun higiezina, bi kasu horietan, inter vivos besterendu daiteke, edo, ondasunaren titularra hiltzean, herentziaren bitartez eskura daiteke; baina, hori gertatu arren, hipotekak iraun egingo du, eta, ondorenez, hipoteka zein zor edo betebehar bermatzeko eratu, eta zor edo betebehar horri aurre egiteko erabili ahal izango da ondasuna.
Adibidea. Norbaitek bankuari mailegua eskatu dio, eta eskatzailearen gurasoek euren etxebizitza hipotekatu dute, semeak edo alabak bere zorra ordainduko duela bermatzeko. Hortaz, semea edo alaba zorduna da, baina ez da hipotekatzailea; gurasoak dira, izan ere, hipotekatzaileak. Geroago, gurasoak hil egiten dira, eta semeak edo alabak herentziaren bidez ondasun higiezina eskuratzen du, hipoteka eta guzti. Une horretan, pertsona bera bihurtzen da zordun eta hipotekatutako ondasun higiezinaren jabe. Geroago, semeak edo alabak ondasun higiezina saltzen dio beste norbaiti, eta erosle hori hipotekan subrogatuta geratzen da. Beste modu batera esanda, alde batetik, erosleak, erosketaren ondorioz, etxebizitza eskuratzen du, hipotekaren zamarekin batera; eta, beste alde batetik, zorra bereganatzen du (horretan subrogatzen da), eta, ondorenez, seme edo alaba saltzailea zor horretatik askatuta geratzen da, etxebizitzarik gabe geratzen den bezala.
Beste adibide bat izan daiteke (errazagoa beharbada) norbaitek dirua maileguan hartzea, eta, horrekin batera, bere finka (etxebizitza, lokala, garaje-plaza, orubea edo landa-finka) hipotekatzea.

hipoteka(-)

Hipotekari dagokiona edo horri buruzkoa.

hipoteka ezereztea

Negozio juridiko horren bitartez, eskritura publikoan onartzen da hipoteka azkendu dela erregistroan agerraraztea.
Adibidea. Adibiderik ohikoena da bankuak edo aurrezki-kutxak dirua maileguan ematea subjektu pribatuari, hipoteka-bermearekin. Mailegu horren ordainketa bukatzen denean, dela itundutako epeetan, dela amortizazio aurreratuak eginda, hipotekak ez du zentzurik, horren helburua baita mailegua beteko dela bermatzea. Hala eta guztiz ere, hartzekodunak ordainketaren gaineko adierazpen formala egiten ez duen bitartean, hipoteka hori ezin daiteke ezereztu jabetza-erregistroan.
Hipoteka ezerezteko eskrituran, hartzekodunak (gehienetan, finantza-erakundeak), zordunari ordainagiria emateaz gain, adostasuna ematen du hipoteka erregistrotik “desager” (ezereztu) dadin.

hipoteka(-)hartzekoduna

Halako hartzekodunak bere kreditua ziurtatuta du, hipoteka-bermearekin.
Adibidea. Kasurik ohikoena da bankuak bezeroari, etxebizitza erosteko, dirua maileguan ematea, eta, horrekin batera, etxebizitzaren gainean hipoteka eratzea. Horrela, bankua hipoteka-hartzekodun bihurtzen da.

hipoteka(-)mailegua

Mailegu horretan, ordainketaren berme dira, besteak beste, ondasun higiezin  bat edo batzuk, hala nola, etxebizitzak, lokalak, garajeak, orubeak, landa-finkak etab.

hipotekatu

Jabetzari hipotekaren zama ezartzea. 

hipotekatutako ondasunak

Hipoteka zein ondasun higiezinen gainean eratu eta horiek beroriek, hipoteka baita betebeharra beteko dela bermatzeko modua.
Hipotekaren bidez, betebeharra beteko dela berma daiteke (eskuarki, beste alderdiak maileguan emandako diruaren ordainketa bermatzen da; alderdi hori finantza-erakundea izan ohi da, baina subjektu pribaturen bat ere izan daiteke).
Ordainketa egin ezik, hipoteka exekutatuko da: hipotekatutako ondasuna jendaurreko enkantean salduko da, eta salmentan lortutako prezioa erabiliko da hartzekodunari ordainketa egiteko. Soberakinik izanez gero, hori zordunari ematen zaio.

hiribildua

Behe Erdi Aroan, Erregeak, Erreginak edo Jauntxoak, hiri-gutunaren bitartez, pribilegioa ematen zion herri edo auzune jakin bati, eta horren ondorioz sortzen zen, sortu ere, hiribildua. Bizkaiko Foruari eutsiz, hiribilduek euren berezko sistema ekonomikoa zuten, harresiak egin ahal zituzten… baina, batez ere, ez zitzaien Bizkaiko Forua aplikatzen, baizik eta legeria zibil erkidea. Euskal Herriko Foru Zuzenbide Zibilari buruzko Legearen arabera, gaur egun, hurrengoak dira Bizkaiko hiribilduak: Balmaseda, Bermeo, Durango, Ermua, Gernika-Lumo, Lanestosa, Lekeitio, Markina-Xemein, Ondarroa, Otxandio, Portugalete eta Plentzia. Historian zehar, ordea, ez da beti horrela izan. Esate baterako, Mungia, Larrabetzu eta Errigoiti hiribilduak izan ziren, baina beren-beregi eskatu zuten Bizkaiko Forua eurei aplikatzea. Gernika eta Markina, bestalde, hiribilduak dira sorreratik; ez dira hiribildu, ordea, Lumo eta Xemein, geroago haiekin batu zirenak eta gaur egun oraindik elizateak direnak, nahiz eta Gernika-Lumok eta Markina-
-Xemeinek hiribildu-tituluari eutsi. Are gehiago, elizatea hiribildutik bereizten denean, berezko foru-zuzenbide zibila berreskura dezake; horixe gertatu zen, adibidez, Ajangiz eta Arratzuren kasuan, Gernikatik bereizi zirenean.
Euskal Herriko Foru Zuzenbide Zibilari buruzko 3/1992 Legearen helburua zen haren lurralde-
-zabalkundeari buruz duda-muda guztiak uxatzea. Horretarako, Bizkaiko hiribildu forugabeen udalei agindu zien zeinek bere planoa prestatzea, eta, plano horietan, jatorrizko hirigunea mugatzeaz gain, hirigune horren aldameneko “hiri”-lurzorua mugatzea, udalean indarrean dagoen planeamenduaren arabera. Plano horiek eginda daude eta interesdunek kontsulta ditzakete, hori nahi izanez gero.

hitzezko kontratua

Kontratua halakoa da, idatziz jasotzen ez denean. Kontratu horren eragingarritasuna ahozko adierazpenaren mende dago.
Adibidea. Itxuraz kontrakoa ematen duen arren, kontratu gehienak ahoz egiten dira, batik bat, balio gutxiko ondasunen kasuan: dendetan eginiko erosketa gehienak ahozkoak izaten dira.

hizpaketa

Xedatze-zatia.
Negozio juridikoaren klausula.  Agiri publiko edo pribatuaren xedapenetatik bakoitza.
Eskrituraren egilespenean (xedatze-zatian), klausulak dira kontratu edo negozioaren hizpaketak.

hondakinaren gaineko aurreneurrizko ordezpena

Testamentuko xedapen horren bitartez, testamentugileak jaraunslea  edo legatu-hartzailea  izendatzen du, horrek lehenengo jaraunsle edo legatu-hartzailearen eskutik herentzia eskura dezan, baldin eta horrek xedatu ez badu.
Adibidea. Ondorengorik izan ezean, ezkontidea jaraunsle unibertsal izendatzen da. Jaraunsleak ondasun guztiak xedatzeko askatasun osoa du; baina, bizi den artean, ondasun batzuk ez baditu saldu edo doan eman, ondasun horiek, jaraunslearen familiarentzat izan beharrean, testamentugilearen familiakoentzat (neba-arrebentzat, ilobentzat etab.) izango dira. “Jaraunsle izendatzen dut nire emaztea, eta horrek, bizi den artean, nire ondasun guztiak xedatu ahal izango ditu, kostu bidez nahiz doan; baina, nire emaztea hiltzean, bere ondarean badaude oraindik nire herentziatik hartutako ondasun batzuk, horiek .... rentzat izango dira”.

Konekta zaitez