Bilatu
A B C D E F G H I J K L M N Ñ O P Q R S T U V W X Y Z
Aldaketa edo definizio berria iradoki nahi baduzu, komunika iezaiozu, mesedez, zerrenda administratzeko ardura duenari.

ebazpen judiziala

Halakoak dira organo judizialek prozesuaren izapidetzan zehar hartzen dituzten erabaki guztiak (epaiak, probidentziak, autoak, epaitzak eta abarrekoak).

egiaztarazi

Zerbait egia dela edo agiria kautoa dela ziurtatzea. Prozedura judiziala da: epaileak bakarrik adieraz dezake agiria egiazkoa edo faltsua den.
Adibidea. Egiaztaratze-kasurik ohikoena testamentu olografoarena da; testamentu hori eskuz idatzi behar da oso-osorik eta testamentugileak berak sinatu behar du, baina ez dago notarioarengana joan beharrik. Testamentugilea hiltzen denean, testamentu hori epailearengana eraman behar da, horrek egiaztaraz dezan, alegia, epaileak, espediente judizialaren bidez, adieraz dezan testamentua benaz testamentugilearena dela eta betekizun guztiak dituela. Behin testamentua egiaztarazi eta gero, bere ondore guztiak sorraraziko ditu. Egiaztarazi ezean, ez du inolako ondorerik izango.

egileslea

Nork egiletsi  eta hori berori.
Egilesleak, notarioaren aurrean, bere adostasuna ematen dio negozio juridikoari
Egiletsitako negozioaren ondorioz, egilesleek betebeharra hartzen dute euren gain. Nolanahi den ere, notarioaren aurrean agertu eta sinatzen dutenak ez dira egilesleak beti; izan ere, agertzaileek beste inoren izenean jardun dezakete eta horixe agerraraziko da eskrituraren zati zehatz batean, hain justu ere, parte-hartzeari buruzko zatian. Kasu horretan, egilesleek ez dute eskritura sinatzen, baina eskritura horrek zein negozio jaso eta negozio hori haientzat da loteslea.
Adibidea. Salerosketan, saltzailea sozietatea da, eta eroslea pertsona fisikoa da, baina pertsona fisiko horrek beste bati eman dio ahalordea, salerosketa horretan parte hartzeko. Eskrituran, agertzailea da, bateko, sozietatearen administratzailea, hau da, pertsona fisikoa; baina bera ez da egileslea, sozietatea bera delako saltzaile, eta, beraz, egilesle. Eta, alderdi eroslearen kasuan, ahalduna da agertzailea eta berak sinatzen du eskritura; baina egilesle-eroslea ez da hori, baizik eta bere garaian ahalduntze-eskritura sinatu zuena, ahaldunari bere izenean jarduteko ahalordea emanez.

egilespena / egilestea

Negozio juridiko  zehatz batean, eta, bereziki, notario-agiri zehatz batean, adostasuna ematea, horren ondorio juridiko guztiak bereganatuz.
Egilespen deritzo, orobat, eskritura publikoaren  zati zehatz bati, hain zuzen ere, xedatze-zatiari edo hizpaketen zatiari; bertan, borondate-aitorpenak jasotzen dira.
Notarioak ez ditu eskriturak “egilesten”, okerretara maiz hori esaten den arren; aitzitik, notarioak eskriturak “eskuesten” ditu.
Adibidea. Salerosketan, egilesleak dira saltzailea eta eroslea; eta egilespenak esan nahi du  bi-biek salmentari eta erosketari adostasuna ematen dietela, horien ondorioak bereganatuz.

egiletsi

Negozio juridikoari  adostasuna ematea, bereziki, hori notarioaren aurrean egiten denean.

egintza juridikoa

Lege- xedapena.  Borondatezko egitate horrek zuzenbideko harremanak sortu, aldarazi edo azkentzen ditu. Egintza juridikoak ondoreak izan ditzan, nahitaezkoa da legeak aldez aurretik eta kasuan-kasuan ezarritako betekizunak gauzatzea.
Egintza juridikoa da, halaber, ondore juridikoak sortzen dituen oro.
Adibidea. Egintza juridikoak dira, besteak beste, errekurtsoa jartzea eta erreklamazioa egitea, baita notario-akta egilestea ere. 

egitate juridikoa

Inguruabar jakin batzuek osatzen dute egitate juridikoa; behin inguruabar horiek gauzatuta, zenbait ondorio gertatzen dira, legeak ezarritakoaren arabera. Egitateak naturarenak edo gizakiarenak izan daitezke, positiboak nahiz negatiboak, borondatezkoak nahiz borondatetik kanpokoak, eta, azkenik, zilegiak eta zilegi ez direnak.
Adibidea. Egitate juridikoak dira, kasurako, kontratua egitea, eskaintza onartzea, txingorraren ondorioz asegurupeko uzta alferrik galtzea etab.

egoera zibila

Horixe da norbaitek gizartearen barruan duen izate juridikoa, eskubideak eta eginbeharrak eratxikitzen dizkiona. Jaiotzak, naziotasunak, sexuak, adinak eta familiak eratortzen dute, eratorri ere, egoera zibila.
Adibidea. Ezkongabea, ezkondua, alarguna, epaiketa bidez banandutakoa, dibortziatua.

ekin

Prozesuaren, espedientearen, auziaren nahiz bestelako jarduera ofizialen lehenengo izapideei hasiera ematea.

ekitatea

Tratuan, zuzentasuna, justizia, eta alderdikeriarik eza. Zuzena zer izan eta horrek zentzuz eratortzen duena.

elizatea

Euskal Herriko Foru Zuzenbide Zibilari buruzko Legearen arabera, elizate deritze Bizkaiko Lur lauan barruraturiko udalerri forudunei. Antzina, Bizkaian, auzoetako biztanleak elizateetan batzartzen ziren, euren arazoak aztertzeko eta erabakiak hartzeko. Behin udalak eratuta, udal horietako ordezkariak batzartzen ziren elizateetan, udalari zegozkion gaiak eztabaidatzeko. Erakunde horietako ordezkariak Bizkaiko Batzar Nagusietara joaten ziren, eta, bertan, hitzaz gain, botoa izaten zuten. Gaur egun, Bizkaiko udalerriak elizateak dira, bertako foru-zuzenbide zibila aplikatzen zaien neurrian.

emantzipazioa / emantzipatzea

Egoera zibil  hori izateko, 16 eta 17 urte bitartekoa izan behar da subjektua.
Emantzipazioaren ondorioz jarduteko lortzen den gaitasuna eta adin-nagusitasunarekin lortzen dena antzekoak dira, baina badituzte zenbait desberdintasun: adingabeko emantzipatuak (16 edo 17 urte dituen horrek) bere burua eta ondasunak goberna ditzake, adin nagusiko balitz bezala; baina, adibidez, maileguak eskatzeko edo ondasun higiezinak saltzeko, bere gurasoen edo tutoreen adostasuna lortu behar du, eta, halakorik ez badu, epailearen baimena.
Emantzipazioa lortzeko prozedura arrunta da notarioaren aurrean eskritura publikoa egitea; eskritura horretan, gurasoek, hala nahita, euren semea edo alaba emantzipatzen dute, eta horrek onartu egiten du emantzipazioa, eta hirurek sinatzen dute eskritura.
Emantzipatzeko arrazoirik ohikoena izaten da adingabeak ondasun higiezinen bat saldu nahi izatea. Adingabe izateagatik, ondasun higiezina saltzeko, epailearen baimena behar du; baina, adingabe horrek 16 edo 17 urte baditu, emantzipazioa lor dezake, eta, horrela, ondasun higiezina saldu ahal izango du, gurasoen baimenarekin bakarrik. 

ematea

Zerbait eman izana eta horrek dituen ondoreak.

enbargaezina

Enbargopean  jarri ezin diren ondasunak edo eskubideak halakoak dira.
Lege-aginduz, gutxieneko alokairua enbargaezina da; orobat, lanbidean aritzeko nahitaezkoak diren erremintak.

enbargoa

Agintari judizialak nahiz administratiboak ondasunak atxikitzeko agindua ematea, zorra ordainduko dela ziurtatzeko, edo, bestela, delitu edo faltaren ondoriozko erantzukizunari aurre egingo zaiola ziurtatzeko.
Enbargoak berma dezake dagoeneko abian den prozeduraren emaitza, hori bukatu baino lehenago (horrela saihets daiteke prozesuan zehar ondasunak desagertzea). Enbargoak berma dezake, berebat, ebazpen judizialak aurrera egitea, ebazpen horrek edozein arrazoi dela-eta enbargopekoa kondenatzen duenean diru-kopururen bat ordaintzera.
Enbargoa ondasun higiezinen gainekoa bada, enbargo horren aurreneurrizko idatz-oharra lor daiteke Jabetza Erregistroan. Balio ekonomikoa izan dezaketen objektu guztiak enbargatu daitezke: kontu-korronteak, sozietateen akzioak, eskubideak, ondasun higigarriak, ondasun higiezinak etab.

endosua

Kreditu-tituluaren  jabetza lagatzea; lagatze hori burutzeko, tituluaren beraren atzeko aldean jartzen da sinadura.
Balore- edo kreditu-tituluak dira, berbarako, kanbio-letra eta txekea.

endosu(-)hartzailea

Endosua  noren mesederako egin eta hori berori.

enfiteusi(-)zentsua

Enfiteusi hitza ere erabiltzen da halakoa izendatzeko. Izatez, zentsu-eskubide erreala da, eta, horren bitartez, ondasun higiezinaren jabari-zati bat lagatzen da, pentsioaren truk. Enfiteusia, horrela, errentamenduaren aurrekaritzat har daiteke. Enfiteusidunak,  ondasun higiezinaren gaineko edukitza materiala badu ere, errentariak baino eskubide gehiago ditu, jabe delako, jabetza osoa izan ez arren: enfiteusidunak “jabari erabilgarria” besterik ez du.
Egun enfiteusia zaharkituta geratu da.

enkantea

Ondasunak jendaurrean saltzea. Hori egin dezakete, besteak beste, agintari judizialek, notarioek, eta, zenbait kasutan, administrazioak berak nahiz subjektu pribatuek. Ondasuna eskaintzailerik onenari adjudikatzen zaio, eta prezioa erabiltzen da hartzekodunei ordainketa egiteko, hartzekodunok  edozein izanik ere; beste batzuetan, aldiz, enkantera jotzen da, besterik gabe, jabeek, euren ondasunaren truk, balio ona lortu nahi dutelako.
Adibidea. Epaiketa bidez, ordaindu gabeko zorra erreklamatzen da, ondasun higiezina enbargatzen da eta ondasun hori enkantean jartzen da, salmentaren zenbatekoarekin hartzekodunari ordainketa egiteko. Beste kasu batzuetan, hipoteka-mailegua betearazten da, hipotekatutako ondasun higiezina enkantean jarriz, bankuari ordainketa egin ahal izateko. Eta, beste kasu batzuetan, hala nahita enkantean jartzen da merkataritzako establezimendua ad hoc, edo pinturaren bat (enkante-etxeak).
Bistan denez, enkanteak hainbat aldaki izan ditzake.

epaia

Epaileak, auzitegiak edo epaimahaiak emandako adierazpena edo ebazpena, auziari  amaiera ematen diona.

epaiketa / epaitzea

Zerbait epaitu  izana eta horrek dituen ondoreak.
Epaileak auziaren gaineko eskumena izan eta hori aztertzea, epaia eman ahal izateko.

epaiketako jarduna

Prozedura judizialaren ondoriozkoa.

epailea

Justizia Administrazioaren funtzionario publikoa da; berak du agintea, epaitzeko, epaia emateko eta epaitutakoa betearazteko.

epaitegia

Zein tokitan epaitu eta toki hori.
Epaile bakarreko auzitegia.

epaitu

Epaile gisa, norbaiten edo zerbaiten inguruan, epaia  ematea, erabakia hartzea.

epaitza

Epailearen nahiz auzitegiaren epaia, behin betiko ebazpen erabakigarria edo aginduzkoa barruratzen duena.

epaitza eman

Epaitzea, erabakia hartzea.
Epaiketan, epaia ematea.

epe luzaezina

Azken epea, egintza juridikoa  burutzeko edota arazoari behin betiko konponbidea emateko ezarritakoa.

erabilera / erabiltzea

Eskubide erreal eskualdaezin horren bitartez, inoren gauza eduki eta erabil daiteke, eta, horrela, titularraren beraren, eta, beharrezkoa izanez gero, haren familiaren beharrizanak asebete daitezke.

eraketa / eratzea

Sozietatea sortzeko egintza; bertan, haren oinarrizko osagaiak definitzen dira: hasierako kapitala, egoitza, araubidea etab.
Eraketa deritzo, halaber, une horretan existitzen ez diren eskubideak sortzeari, esaterako, zortasunak edo hipotekak sortzeari. 

eralgitzeak

Gastuak, kostuak. 

eramailearentzako titulua

Kreditu-titulu  hori ez dago luzatuta pertsona zehatz baten mesederako.

eroslehentasuna

Lehenespeneko eskubide hori baliatuta, norbaitek beste inori saldu nahi zaion gauza eskura dezake, hark ordainduko duen prezio berean. Eroslehentasuna, izatez, atzera-eskuratzeko eskubidearen eskubide osagarria izaten da. Atzera-eskuratzea da, izan ere, legezko kasu jakin batzuetan ondasun zehatza eskuratu ahal izatea, ondasun hori dagoeneko besterenduta dagoenean.

erredibizioa

Egindako erosketa edo salmenta ondorerik gabe uztea, zuzenbidearen arabera, haren ezkutuko akatsak isildu egin direlako, eta, behin eskuraketa edo salmenta egin eta gero, akats horiek agerian geratu direlako.

errege(-)dekretua

Ministroen Kontseiluak onetsitako xedapen orokorra, erregeak sendetsitakoa.
Errege-dekretua da Ministroen Kontseiluari dagokion araua. Errege-dekretuak legeak baino beheragoko lerruna du, legea Gorteek onesten baitute; aitzitik, ministerioek onesten dituzten arauek baino goragoko lerruna du, arau horiek ministro-aginduak baitira. Arau guztiak hierarkiaren arabera antolatuta daude; beheragoko arauak goragoko arauen mende daude eta ezin dira horiei begira kontraesanekoak izan.
Adibidea. Notario-erregelamendua errege-dekretuaren bitartez onesten da, Ministroen Kontseiluak hartutako erabakia delako.

erregelamendua

Lege-lerrunetik beherako erregela eta manuen multzoa; administrazio-agintaritzak ematen du erregelamendua, zertarako eta korporazioaren, bulegoaren, zerbitzuaren nahiz bestelako jardueren funtzionamendua arautzeko.
Adibidea. Hipoteka Erregelamenduaren edukia Hipoteka Legearen mende dago. Orobat, Notario Erregelamendua, Notariotza Legearen mende. Bi kasu horietan, erregelamendua errege dekretuaren bidez onesten da. Esangurarik zabalenean, ordea, beheragoko administrazio-agintariek ere “erregelamenduak” onets ditzakete, esate baterako, administrazio-bulegoetatik edozeinen barne-jarduera arautzeko; baina horiek ez dira “erregelamenduak” esangura hertsian.

Erregistro Zibila

Estatuaren erregistro publiko ofiziala da; bertan jasotzen dira herritarren egoera zibilari buruzko egintzak, besteak beste, jaiotzak, ezkontzak, heriotzak etab.

erregistroko finka

Jabetza Erregistroaren liburuetan inskribatutako ondasun higiezina, berezko zenbakia duena. Erregistroko finkak dira, hala nola, etxebizitzak, lokalak, orubeak eta landa-finkak.

erregistroko folioa

Erregistroaren idazkun-multzoa, finka, ondasun edo sozietate zehatz bati buruzko mugimendu guztiak jasotzen dituena.

errekurtsoa

Interesdunak uste duenean epailearen ebazpenarekin edo goi organoaren erabakiarekin kalte egin zaiola, legeak halako ebazpenak edo erabakiak aurkaratzeko  aukera ematen dio, eta horixe da, hain justu ere, errekurtsoa.

errentamendua

Zerbait errentan emateko kontratua. Pisua “alokatzea” da errentamendua adierazteko kalean erabiltzen den esamoldea.
Errentan ematea da, zehatz esateko, prezioaren truk, gauza, obra nahiz zerbitzuen erabilera edo aprobetxamendua aldi baterako laga edo eskuratzea.
Errentan eman daitezke, besteak beste, etxebizitzak, lokalak, orubeak, landa-finkak etab. Landa-finkak errentan eman daitezke, bertan zerbait ereiteko, ehizan aritzeko edo beste erabilera batzuetarako; are gehiago, finka berean eta aldi bertsuan, errentamendu bat baino gehiago izan daitezke.

errentaria

Zerbait errentan hartu duena, zerbitzua eman duena edota obra egin duena.

errentatzailea

Errenta edo prezioaren truk, gauza, obra nahiz zerbitzuen gozatzea edo aprobetxamendua aldi baterako laga duena. 

erresak

Prezioaren zati bat ematea edo diru-kopuru bat gordailutzea, betebeharra beteko dela bermatzeko.
Adibidea. Salerosketa-kontratuetan, maiz-sarri ituntzen dira erresak edo seinaleak: agiri pribatua sinatzean, erosleak diru-kopuru zehatza ematen dio saltzaileari, alderdi biek saltzeko eta erosteko hartutako erabakiaren zeinu moduan. Eskritura sinatu aurretik, erosleak atzera eginez gero, erresak galduko ditu. Aitzitik, atzera egiten duena saltzailea bada, horrek bikoiztuta itzuli beharko ditu erresak.

erreserbak

Itzulketekin eta seniparteekin gertatzen den bezala, erreserbak ere testamentugilearen askatasunari jarritako mugak dira. Euskal Herriko Foru Zuzenbide Zibilari buruzko Legeak, Bizkaiko lurraldean, erreserba-mota desberdinak arautzen ditu: batzuk, tronkalak, eta beste batzuk, berriz, ez. Erreserba tronkalak bi hauek dira: irabazitako ondasunen erreserba eta komunikaziopeko ondasunen erreserba.   Erreserba ez-tronkalak, ostera, lau hauek  dira:  lerro-erreserba deiturikoa, Kode Zibilean ezarritakoaren parekoa; alargun-erreserba, hori ere Kode Zibilean ezarritakoaren parekoa; ezkontza dela-eta dohaintzan emandako ondasunen erreserba; eta, orobat, komunikaziopeko ondasunak banatzean desberdintasunik egon ez dadin ezarritako erreserba.

erreserbak eta ohartarazpenak egitea

Notarioak, agerkai publikoa eskuestean, zenbait argibide ematen dizkie egilesleei,  legearen betetzea errazteko, eta, horrekin batera, egilespenaren ondorioak eta betebeharrak hobeto ulertarazteko.
Eskrituren edo akten bukaeran, beti agertzen da atal berezi bat. Atal horretan, notarioak agerrarazten du ea egintza edo negozioa zergen mende dagoen, zein epe dagoen zerga horiek ordaintzeko eta zein ondorio izango duen zerga horiek ez ordaintzeak; bertan agertzen da, beste ildo batetik, ea kontuan hartu beharreko beste eskubiderik dagoen (adibidez, atzera-eskuratzeko eskubiderik), edota, Datuen Babeserako Legearen arabera, eskrituretan agertzen diren datuak datu-baseetara bilduko diren etab.
Atal horren edukia (bere horretan ager daitekeena edo agiri osoan zehar sakabanaturik egon daitekeena) era askotakoa izan daiteke, agiriaren beraren edukiaren araberakoa delako.

erreserbapeko protokoloa

Notarioak berak zaindutako protokoloa.  Zuzenbide historikoan, protokolo horrek bere baitara biltzen zituen testamentu itxiak  eta irekiak,  bai eta ezkontzatik kanpoko seme-alabei buruz egindako aitorpenak ere. Horrekin lortu nahi da dokumenturik nabarienetan isil-gordea bermatzea, protokoloa notarioaren beraren ardurapean dagoelako. Erregelamenduaren arabera, gaur egun ere, protokolo hori bada izan; baina, errealitatean, haren existentzia urria dela esan daiteke.

eskabidea

Agiri hori administrazio eskudunari helarazten zaio, eta, bertan, ebazpen zehatza ematea eskatzen da.
Adibidea. Eskabidean, Oinordetzaren gaineko Zerga likidatzea eskatzen dute jaraunsleek.

eskritura aitortzea

Agintari edo funtzionario eskudunak agiriaren kautotasuna baieztatzea.

eskritura egin

Notario- eskrituraren  bitartez, egintza edo negozio juridikoa agerraraztea.
Adibidea. Salerosketaren eskritura egitea da salerosketa hori eskritura publikoan agerraraztea, aurretiaz agiri pribatua izan den ala ez kontuan hartu gabe; edo aurretiaz hitzezko hitzarmen hutsa egon bada ere.

eskritura publikoa

Notario-agiri publiko  horretan, negozio  juridikoak jasotzen dira;  notario-aktetan, berriz, egintza  edo egitate juridikoak jasotzen dira.   Eskritura publikoa, izatez, notario-agiria da.  Beste fede-
-emaileek ezin dute eskritura publikorik egin.
Bestalde, eskritura publikoa agiri publikoa da. Ez dago, beraz, “eskritura pribaturik”, nahiz eta batzuetan esamolde hori erabili; agiri pribatu horietan “eskritura” izena okerretara erabiltzen da, dela ezjakintasunarengatik, dela notario-eskrituraren izen ona eta ospea baliatu nahi direlako.
Eskriturak Jabetza Erregistroan inskribatzeko moduko agiriak dira, baina eskritura guztiak ez dira beti erregistroetara eramaten; batzuetan, eskrituretan jasotako negozioak ez dira inskribatu behar.
Adibidea. Negozio juridikoak dira, eta, ondorenez, eskrituran jasotzen dira salerosketa, herentzia, hipoteka, ezkontzako itunak, emantzipazioa eta sozietatearen eraketa.
Negozio batzuk ez dira inolako erregistrotan inskribatzen, adibidez, ahalordea ematea, alde bakarreko negozioa egitea edota zorra aitortzea, hori alde bikoa bada ere.
Egintza juridikoak dira, eta, ondorenez, notario-aktan jasotzen dira egitateak nahiz agertzailearen adierazpenak, edota notarioaren aurrean lortutako argazkiak.

eskubide erreala

Eskubideen kategoria horretara biltzen dira ondasunen gainean zuzeneko eragina dutenak; halakoetan, titularrak zuzeneko harremanak ditu ondasun higigarri edo higiezinarekin. “Eskubide erreal” deitzen zaie, latineko “res, rei” hitzari erreparatuta; latineko hitz horrek “gauza” adierazi nahi du.
Jabetza Erregistroan eskubide errealak bakarrik inskribatzen dira.
Adibidea. Jabetza-eskubidea da eskubide erreal nagusia. Eskubide errealak dira, orobat, gozamena, zortasuna, hipoteka eta enfiteusi-zentsua.

eskuespena / eskuestea

Notarioak egintza juridikoaren egilespenean  parte hartzea, eta, horrela, egintza juridikoa zein agirik barruratu eta agiri horri izaera publikoa ematea.
Ezin daiteke esan notarioak eskritura “egilesten” duenik. Egilesleak negozioaren alderdiak dira (saltzailea, eroslea, mailegu-hartzailea, testamentugilea etab.). Notarioak, ordea, eskriturak eta notario-aktak “eskuesten” ditu, eta merkataritzako polizetan “esku hartzen” du. Beste akats bat da ondokoa ulertzea: notarioaren eskuespena da notarioak negozioari ikus-onespena ematea, hau da, notarioak ez du besterik egiten negozioa “ahalbidetzea” baino, negozioa bere jardueratik kanpoko zerbait delako; kontratua sinatu delako "fede" baino ez du ematen notarioak. Egin-eginean ere, egia da notarioak fede ematen duela, baina haren eginkizuna askoz konplexuagoa da.
Interpretazio zuzena eginez, notarioak, agiria eskuestean, horren oso-osoko “egile” dela adierazten du. Agiria notarioarena “da”: notarioak agertzaileak identifikatu ditu, horien gaitasuna baloratu du, negozioaren legezkotasuna kontrolatu du eta aholkularitza juridikoa eman du. Eta horren guztiaren gaineko fede publikoa emango du. Jarduera horiek guztiak burutzea da, hain justu ere, eskritura eskuestea. Izan ere, eskriturak eta aktak lehenengo pertsonan idatzita daude; horietan, notarioak bakarrik hitz egiten du: “Nire aurrean, … notario naizen honen aurrean agertu dira… eta egiletsi dute… eta nik horren guztiaren gaineko fede ematen dut”. Berak azaltzen du zer gertatu den, eta ez alderdiek.

esku(-)hartzea

Esku-hartze deritzo notarioak merkataritza-polizen kasuan burututako jardunari. Notarioak eskuetsi egiten ditu eskriturak eta aktak; polizak, berriz, esku hartu egiten ditu. Horren harira, urtarrilaren 19ko 45/2007 Errege Dekretuak aldarazi egin du notariotzaren antolakuntzari eta araubideari buruzko erregelamendua. Harrezkero, notarioaren esku-hartzeak berarekin dakar notarioak legezkotasuna kontrolatzea, eta, bereziki, honako hauek: notarioak  kontratugileak identifikatzea; horien inguruabarrak aipatzea; notarioak egilesleen gaitasuna epaitzea; egintza nahiz kontratuaren kalifikazioa bertan dagoena izatea; negozio juridikoaren edukia bat etortzea parte-hartzaileek egindako borondate-aitorpenekin; ezarri moduan lege-erreserbak nahiz ohartarazpenak egitea; eta, bukatzeko, polizaren edukiarekin ados egotea eta hori onestea, egilesleek hori idatzi duten bezala, eta horiek notarioaren aurrean sinatu izana. Behin poliza esku hartuta, notarioak horren jatorrizkoa gorde behar du, debekatuta baitago hori zirkulazioan jartzea.

espedientea

Gai edo negozio zehatz bati buruzko agiri guztien multzoa. Burututako jarduera edo eginbide guztiak idatziz agertzea. 

estatuaren papera

Ofiziozko papera, zigiluduna, tinbreduna.
Paperezko orri horrek estatuaren zeinu ofizialak ditu; haren zenbatekoa aldagarria da; eta nahitaezkoa da hura erabiltzea, agiri zehatz batzuk idazteko.

estatutu(-)

Estatutuari  edo estatutuei dagokiena.

estatutua

Kidego, elkarte eta antzekoentzat, lege-balioa duen araua edo erregela.
Adibidea. Sozietateek, elkarteek edota auzokoen erkidegoek euren estatutuak dituzte, eta haien jardunari araudi berezi hori aplikatzen zaie.

exekuzioa / exekutatzea

Prozedura judizial edo administratibo horretan, ondasunak enbargatu eta saldu egiten dira, zorrak ordaintzeko edo legezko betebeharretatik edozein nahitaez betetzeko.

ez agertzea

Norbaitek agintari judizial edo administratiboaren aurrean bere burua ez aurkeztea, agintariak horretarako zitazioa egin eta gero.

ezagutze(-)fedea

Notarioak agerkai publikoan egiten duen adierazpena; horren bitartez, notarioak bere aurrean agertu diren pertsonak identifikatzen ditu.
Notarioaren betebeharra da eskritura, akta, poliza nahiz beste edozein agiri sinatzeko agertzen direnak identifikatzea. Identifikazio hori egin daiteke nortasun-agiri egokien bitartez  (nortasun-
-agiria, pasaportea, bizilekuaren inguruko txartela etab.); gerta daiteke, orobat, notarioak pertsona ezagutzen duelako fede ematea, pertsona horrek agiriak ekarri zein ekarri ez. Ezagutze-fede horren bitartez, notarioak adierazten du pertsona horren nortasuna ezagutzen duela, adibidez, laguna delako, betiko bezeroa edo udaleko alkatea. Notarioak ez baditu agertzaileak ezagutzen, eskrituran agerraraziko du agertzaile horiek identifikatzen dituela, kasuan-kasuan aipatutako nortasun-agirien bitartez.

ezagutze(-)lekukoa

Lekuko horrek agiriaren eskuespenean parte hartzen du, notarioak zuzenean ez dituelako egilesleak  ezagutzen, eta, horregatik, lekukoak berak identifikatu behar dituelako egilesle horiek.
Egilesle-agertzaileak notario-agirietan identifikatzeko, nahikoa da nortasun-agiria edo antzeko agiria erakustea, edo notarioak zuzenean haiek ezagutzea; bi aukera horietatik bat izan ezik, lekukoek parte hartu behar dute. Lekuko horiek egileslea ezagutu behar dute eta notarioarentzat ezagunak izan behar dira.

ezestea

Auzitegiari edo epaileari eskaera hori egiten zaio, ez dezan auzia aztertu, horretan ez delako inpartziala izango.

ezeztapena / ezeztatzea

Egintza juridiko  horren bitartez, norbaitek ondorerik gabe uzten du aurretiaz egiletsitako egintzaren bat, esaterako, testamentua, mandatua, edo, zenbait kasutan, dohaintza.

ezeztatu

Egintza juridikoa  deuseztatzea, ondorerik gabe uztea.
Adibidea. Ohiko adibidea da testamentua ezeztatzea: nahikoa da geroko testamentua egilestea, aurreko testamentua ezeztatuta gera dadin, salbu eta beren-beregi adierazten denean aurrekoak bere indarrari eutsi behar diola. Horregatik esaten da testamentuetan azkenak bakarrik balio duela.

ezeztatze(-)oharra

Protokoloaren  gaineko ardura duen notarioak testu labur hori idazten du ahalorde-eskrituretan edota kargua izendatzeko eskrituretan, geroagoko eskrituraren batek aurreko horiek ezeztatu dituenean.
Ahalordea ezeztatzen denean (hau da, ahalorde-emaileak  ahalorde hori deuseztatu duenean, ezeztatze-eskrituraren bitartez), eskritura eskuetsi duen notarioak ezeztapen horren berri eman behar dio, ofizio bidez, ahalordea eskuetsi zuen notarioari; horrela, ofizioa jasotzen duen notarioak horixe agerraraziko du, sinatutako oharraren bidez, ahalordearen matrizean. Geroago ahalorde horren inguruko kopia berriak eskatuz gero, matrizea kontsultatzean, agerian geratuko da ahalordea ezeztatuta dagoela, eta, beraz, eraginik gabekoa dela.
Horri kalterik egin gabe, komeni da Ahalorde Ezeztatuen Agiritegi Elektronikoari jakinarazpena egitea; agiritegi hori, SIC deituriko horretan dagoena, abian jarri zen 2001. urtearen hasieran, eta, erreminta praktikoa den arren, ez dago jasota notario-erregelamenduan.

ezkontzako itunak

Ezkontideen arteko notario-eskritura publikoa da; haren oinarrizko edukiak barruratzen du ezkontideen ondasunei buruzko araubidea ituntzea, bai eta aurrekoa likidatzea ere. Ezkonduta ez daudenek ere egiletsi ahal dituzte ezkontzako itunak, baldin eta haiek egiletsi ondoko urtean zehar ezkontzen badira.
Adibidea. Ohikoena da ondasunen banantze-araubidea ituntzea, lege-aginduz irabazpidezko sozietatea ezarri denean; eta, bide batez, une horretako irabazpidezko ondasunen inbentarioa egitea eta halako ondasunak bi ezkontideen artean banatzea.

ezkontzaren araubide ekonomikoa

Esamolde orokor horrek adierazten du ezkontideen artean hainbat modu daudela, haien ondarea antolatzeko. Araubide hori zein den kontuan hartuta, gerta daiteke ezkontza bitartean eskuratutako ondasunak erkideak izatea; batzuetan, ezkontzaren aurretik ezkontide bakoitzarenak zirenak ere erkide bihurtzea; eta, beste kasu batzuetan, ondasun erkiderik ez izatea, ezkontideek hala nahita eta beren beregi kontrakoa ezarri ezik.
Kode Zibilak, ezkontzaren araubide ekonomikoei dagokienez, hiru hauek arautzen ditu: irabazpidezko sozietateaondasunen banantze-araubidea  eta  irabazietan parte hartzeko araubidea (azken hori praktikan oso gutxi erabiltzen da). Bizkaiko foru-zuzenbide zibilak, aldiz, badu ere bere araubide ekonomiko propioa, hain justu ere, foru-komunikazioarena.
Ezkontzaren araubidea beren beregi hitzartu daiteke ezkontzako itunetan; halako itunak notario-eskritura publikoak dira. Alabaina, ezkontzako itunik egiten ez bada, ordezko lege-araubidea aplikatu behar da; zuzenbide erkidea aplikatuz gero, ordezko araubide hori bat da, eta foru-zuzenbidea aplikatuz gero, berriz, beste bat. Zuzenbide erkidean, ordezko lege-araubidea irabazpidezko sozietatea da. Bizkaiko foru-zuzenbide zibilean, berriz, foru-komunikazioa da ordezko araubidea.

ezkontza(-)ziurtagiria

Erregistro zibil  eskudunean ezkontzari buruzko inskripzioa egitea eta horren erregistroa alderatzea.

Konekta zaitez